Internetera konektatu eta edukietan galtzea ere oso ohikoa da. Mugikorrean ere, jasotako abisuak eta eskatu bako notiziak irakurtzen zorabiatzen da mundu guztia.
Halakoetan, nork ez du sentitu lapurretan egin diotela. Denbora kendu, gogoa ebatzi eta arreta bahitu egiten dizkigutela –gai horri buruz, liburu interesgarria da Jonathan Hari-ren El valor de la atención–.
Estimulu gehiegi omen ditugu. Online konektatutako gailuek hiper-estimulazioa dakarte eta, ordainetan, antsietatea sortu, gaietan sakontzeko aukera uxatu eta denboraren kontrola galarazi.
Eta eragin hori bereziki nabarmena da gaztetxoen artean. Hala entzun diet irakasleei, terapeutei eta medikuei. Halaxe irakurri dut goiko liburuan. Autoreak esaten duenez, gainera, konponbidea ez da hainbeste banaka bilatu beharrekoa. Denontzako baliagarriak diren irtenbideak ezarri behar dira, arauak eta mugak inposatu, enpresa teknologikoen aginduetatik askatzeko dinamika sozialak sortu.