Horma-irudi erraldoian markoztatuta irakurri daiteke. Bi hitz-gako agerian ditu: Sexua eta musu-truk. Bertatik pasatzen zirenen arreta horrela lortzen zuen publizitate kanpaina batek. Berdin zion hurbiltzen zirenak segidan konturatzen baziren ere iragarkiak ez zeukala zerikusirik ez sexuarekin ezta doan izatearekin ere.
Aspaldikoa da aipatzen ari naizen adibidea. Baina sekulako gaurkotasuna dauka. Izan ere, honetan datza gaur egungo komunikazioa: arreta lortzea eta, ahal bada, tarte txiki batez mantentzea.
Erraldoia izanik mezu eta igorle kopurua eta ugari eskura ditugun pantailak… arreta lortzea ezinbestekoa da. Lehen muga hori gainditzen ez duenak berdin dio hortik aurrera zer egiten duen.
Sare sozialena da komunikazio modu berriaren joko-esparru gordinena. Aztertuta dago Instagramen eta Tiktoken lehen 2-3 segundoetan erabakitzen dela pantailako bideoa ikusten jarraituko den edo ez. Pelikuletako enperadore erromatarrek atzamarra beherantz jarriz gladiadorearen heriotza adierazten zuten bezalaxe, mugikorretan scroll-ak markatzen du urkamendirako bidea. Atzamarrarekin arinak omen gara eta segundo pare horretan erakusten dugu bideoak gure interesa piztu duen edo pantailan hurrengo story-rako ala reel-erako bidea garbi utziko dugun.
Sare sozialetako kontsumo azkar, bisual eta efektuz betetako honetan, zehaztasunetarako leku gutxi gelditzen da. Mezuan fokalizatu eta esan beharrekoa ahalik eta lasterren eta eraginkorren kontatu behar da. Ahaztu, betiko, testuingurua azaltzea, ideiak garatzea, ondorioak lantzea…
Ikus-entzunezko kulturan murgilduta bizi gara eta mezua fintzeko astirik ez dago. Gogoratu eslogana: Sexua musu-truk. Berdin dio irudiek egia ezkutatzen badute. Bost axola kontatzen duzunak ez badu egiarekin zerikusirik. Gaur-gaurkoz, arretaren ekonomiak markatzen du dena.