Eguraldiaren ildo beretik, hasiera hotza izan zuen Danbakaren bosgarren eta azken saioak; guztietatik hotzena, beharbada. Musikazaleei kosta egin zitzaien Bergarako Seminarixoaren abaroan sartzea. Hala, zale gutxik gozatu zuten Arragoaren folk doinu goxoez bustitako emanaldiaz. Historian atzera egin, eta folk tradizional landua plazaratu zuen bi familiaren artean osatutako Bergarako taldeak, euskal kantuetatik hasi eta Peruko doinuetaraino, tartean zuzeneko dantza ere txertatuz. Paradoxikoa izan arren, doinu apurtzaileak izan ziren haienak, gaur egun gurean aukera gutxi baitago gitarra akorde lasai horiek biolin melodia itsaskorrekin eta txeloaren sendotasunarekin uztartuta entzuteko.
HASIERA HOTZA IZAN ZUEN BOSGARREN ETA AZKEN SAIOAK, BAINA GIROA BEROTU ZEN BUKAERARAKO
Lehen emanaldia bukatzerako, Seminarixoa berotzen hasia zen eta musikazaleak hasiak ziren apurka-apurka oholtzaren ingurura gerturatzen. Doinu lasai eta garbietatik melodia biziago eta orbanduagoetara bidaiatu zuten musikazale horiek, Islabat taldearen eskutik. Post rockaren erritmoa ezarri zuten bergararrek eta elgoibartarrek, doinu ilunak bezain lokaztuak plazaratuz. Rockaren bestelako ikuspegi bat azaleratu zuten, sintetizatzailea ere baliatuz, ohiko gitarra, baxu eta bateria doinuen osagarri modura, eta klarinetearen afinazioarekin uztartzeko gai ere izan ziren.
Bigarrena ere, baretik gogorrera
Lehen erdia bukatzean, arkupeetan zain zegoen DJ LP Woman (Lara Peman), hotzari aurre egin eta musikazaleen aldakak mugiarazteko helburuarekin, doinu elektronikoak ardatz hartuta.
Bigarren erdia ere doinu eta erritmo bareekin abiarazi zuen Orhi taldeak. Pop eta rock doinuak nahastu zituen bergararrek eta abeslari azpeitiarrak osatutako taldeak, hori baita haien proposamenaren oinarria, ahots dotore eta ondo afinatuarekin. Ordurako, asko ziren Seminarixoa betetzen zuten zaleak. Edozelan ere, ez zuten amestutako hasiera eduki; izan ere, soinuarekin hainbat arazo izan zituzten eta distortsio puntu bat ere antzeman zen lehen abestietan. Gerora, kontzertuak aurrera egin ahala, emanaldiaren mailak gora egin zuen; zaleen gertutasuna ere nabaria izan zen momentu oro, eta MICE taldearen Ausardiarik ez abestiarekin borobildu zuten, besteak beste, euren saioa.
BI TALDEK DOINU LASAIAK PLAZARATU ZITUZTEN ETA BESTE BIEK, DOINU BIZI ETA GOGORRAGOAK
Sindy Berbenas arrasatearrak izan ziren Danbakaren bosgarren edizioan euren proposamena aurkeztu zuten azkenak. Halaber, azken saioan publikoa gehien mugiarazi zutenak ere izan ziren, euren erritmo azeleratuei eta transmititu zuten energia esker. Haiek ere arazo teknikoak izan zituzten, gitarretako bat ez baitzen ondo entzuten. Edozelan ere, ohikoa duten legez, kuraia handiarekin ezarri zituzten punk, oi! eta metal doinu biziak, eta, publikoaren zati batekin, behintzat, modu zuzenean konektatu zuten.
Beste gehienak bezala, bosgarren eta azken saioa askotarikoa izan zen, doinu, melodia eta akorde nahasketa nabarmenarekin. Horrek agerian utzi Debagoienean dagoen uzta musikalaren zabalera zenbaterainokoa den. Epaimahaikideek ez dute batere lan erraza izan.
Taldeak
ARRAGOA | Bergara
Goi mailako folk erakustaldia egin zuten; tamalez, gutxitan ikusten diren horietakoa. Gitarra, biolin eta txelo doinuak ezin hobeto uztartu zituzten, perkusioaren laguntza paregabearekin. Musikari guztien talentua ez dago zalantzan jartzerik.
ISLABAT | Bergara-Elgoibar
Musika ilunaren esperimentazio ausarta egin zuten. Post rockaren barrunbeetatik sortutako musika taldea da, ezberdina, eta, ohiko moldeak hautsiz, bestelako doinuak islatzen saiatzen dena, sintetizatzaileekin eta klarinetearekin ere ausardiaz jokatuz.
ORHI | Bergara
Pop rock lasaiaren adibide dira eta teklatuaren doinuek balio erantsia ematen diete gitarraren akordeei eta ahots afinatu eta landuari. Agian, ez zuten euren mailarik onena eman, baina, talde moduan hasiberriak izanik, badute bidea egiten jarraitzeko dohainik.
SINDY BERBENAS | Arrasate
Iaz bete ziren 25 urte Arrasateko taldea sortu zenetik eta oraindik ere sasoi betean daudela erakutsi zuten, energiaz beterik eta publikoarekin konektatuz. Punk eta oi! doinuei metal ukitua ematen diete gitarren punteatze azkarrek, bateriaren golpe bizien erritmora.