Oraingo gerrak, basakeriak eta injustiziak deitoratzen ditugu. Baina iraganeko genozidioak kultura suntsiketak edo esklabotza salatzea sinplifikazio hutsa omen da; haren ustez, "presentismo politikoaren" ondorioa. Noiz, ze urtetan amaitu zen iragana, oraina-ri lekua egiteko? Alfonso VIII.aren ala Cisneros kardinalaren sasoian ez? Hernan Cortesekin ezta ere? Borboiekin, Canovasekin ala frankismoarekin, akaso? Hiroshiman? Vietnamen? Galindorekin? NATOren edozein urtetako bonbardaketekin? Noiztik, ze urtetatik aurrera da zuzena gertaera historikoak aztertzerakoan ikuspegi etikoak ere kontuan izatea?
Gutunaren egileak dominatu eta kolonizatu aditzak nahiago ditu inbaditu, esklabizatu eta sarraskitu baino. Aipatzen du, halaber, espainiar buruzagiek kazike batzuekin itundu, odolkidetu eta beraiekin batera (menpe) gobernatzeko aukera eskaini zietela. Jokabide hori inperio guztiek erabilitako estrategia da. Zipaio eta kolaboratzaileak beharrezko dituzte, bereziki askoz ere ugariago diren jatorrizko populazioak kontrolatzeko, makurrarazteko. Ahaztu gabe elizgizonen papera, adituenak espioitzarako eta jatorrizko biztanleak mehatxatu eta mantsotzeko.
1492an abiatutako eraso, ankerkeria, urre eta zilar lapurreta, esklabotza eta zabaldutako izurriteek 1600. urterako bertako biztanleen %90en esterminioa eragin zuten. Eta ezin aipatu gabe utzi Afrikatik erauzitako eta hildako milioika esklaboak. Genozidio anker horiek ezin dira azaldu historiaren anekdota edo kontakizun epiko gisara; are gutxiago, parte hartzaileak heroitzat hartu eta monumentu eta kaleak eskaini. Ezta aipatzen duen Martinez de Irala bergararraren kasuan. https://labur.eus/LcIua
----------
Balen Tramon
Arrasate