Gaztelako koroaren domeinupeko biztanleek amerikar lurraldea dominatu zutela esatea sinplifikazio hutsa da. Jauntxoaren eta morroiaren dinamika ez zen azalaren kolorean edota ondasun ekonomikoetan oinarritzen, baizik eta estamentu, oinordekotza eta foru-oinarria zuten sistema legal eta feudal askoz ere konplexuagoan. Arrazaren eta botere ekonomikoaren ideia XIX. mendean sorturiko arrazonamendua da, Afrikako kolonizaziorako eta nazio-estatuen sorrerarako propio garatuko zen fantasia identitarioa.
Bizkaiko jauntxo eta morroiarenak kazike eta manupekoen rolek betetzen zuten ozeanoaren bestaldean; apaizarena, xamanak, eta, noski, gizarte-ordena bermatzen zuten gerlariak ikusi zitezkeen bi alderdietan. Honela bukatu zuten koroa hispanikoko konkistatzaileek Ipar eta Hego Amerikako kazikeen alabak emazte eta ohaidetzan hartzen, eta haiek, euren senitartekoak, bertako erregeekin itun-truk ezkonarazten.
Jakina da Martinez de Iralak ondorengo oparoa izan zuela hainbat emakumerekin; haietako bat, Maria de Mendoza, buruzagi guaraniar baten alaba zenarekin. Narciso Binayan Carmona genealogistaren arabera, seme-alaba haietako gehienak beste konkistatzaile eta lekuko buruzagi batzuekin ezkondu zituen, eta leinua denboran gertukoagoak ditugun Manuel Belgrano, Victoria Ocampo, Bernardo Irigoien eta Ernesto Guevara bezalako pertsonaiengana iristen da.
Izarrei begira hausnartu dut ospe eta aberastasun bila abiatu zen kaparetxo baten omenez eraikitako monumentua baino ez genukeela galduko bergararrek. Paraguaitarrek eta argentinarrek berriz dute euren identitatearen zati bat galtzeko arriskua arbasoen egina eta izana arnegatzen hasten badira.
----------
Kepa Sebal Lazpiur
Bergara