"Begiradak"

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urzelai 2012ko aza. 9a, 01:00

Lehendakari-gai edo legebiltzarkide banintz...

... aurpegia mozorrotu, kale bazterretara abiatu, eta zabal-zabal irekiko nituzke bi begiak, herritarren begiradetan zer antzematen den jakiteko. Izan ere, errealitate biluza ez da lotsatia, hor dago, ikusi nahi duenaren bistan: 

Lan egonkorra dutenek dardarka begiratzen diote enpresariari. Lan baldarra daukatenek etsai balira bezala langabeei. Langabeek, errukiz INEMeko funtzionarioei. Funtzionarioek, gaixo terminalari bezala aurrez aurre dutenei. Gaixoek, itxaropenez medikuei. Medikuek neskameari bezala gaixoei. Sosak dauzkanak mesfidantzaz gutxi daukanari. Gutxi daukanak, beldurrez immigrante zuriari. Immigrante zuriak gorrotoz beltzari. Beltzak, suminduta beste guztien begiradei darien destainari. Inbidiaz begiratzen dio zaharrak gazteari. Gazteak, zama garestiegia direlakoan, amorruz zaharrari. Behetik gora emakumezkoak gizonari. Goitik behera gizonezkoak emakumeari. Tertulianoek adurra dariela krisiari. Ikusleek, amorru bizian haiei zein honi. Lotsatia da erosleak mostradoreko arrainei botatzen dien begirada. Saltzaileak erosleari luzatzen diona, ostera, errukitsua. Gorrotoa ikusten da poliziaren begiradan. Jipoitutako manifestarian, inpotentzia. Emakume astinduak otzan begiratzen dio senar sadikoari. Andre horren begirada izutiaz behatzen du Kataluniak España. Españak, leunki Katalunia (haur bihurriari moduan) eta oldarkor Euskal Herria. Euskal Herriak akonplejatuta luzatzen dio begirada Europari. Eta Europak, elefanteak inurriari bezala begiratzen digu gu guztioi. Agintariek maiteminduaren begirada itsuaz behatzen dute finantzieroa. Herritarrek martzianoak balira bezala ikusten dituzte agintariak. 

Tamalez, lehendakari-gai eta legebiltzarkide gehientsuenek eguzkitakoak darabilte eta ez dute beraien sudur-puntatik haratago ikusten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak