... oldar moduko bat nabari da sare eta komunikabideetan. "Izorra daitezela", esaten die lana duenak langabeei. "Izorra daitezela", langabeak funtzionarioei. "Izorra daitezela", funtzionarioek politikariei; eta bien bitartean, ultraeskuindarrak pozez txoratzen: "Izorra zaitezte guztiok, eskoria", pentsatuz beraien baitan.
Ez naiz ni hemen zenbait politikari eta instituzioren jardun lotsagabea zuritzen hasiko, baina politikagintzan sinesten duen inozo horietako bat naiz oraindik ere. Politikarien lekuan teknokratak jartzea al da ba alternatiba? Liberal ultra-kontserbadoreek zera nahi lukete: erakunde publikorik gabeko far west itxurako gizartea. Kontua da, gainera, ideologia basati hori ari zaigula gailentzen krisiaren aitzakian: funtzionarioak parasito hutsak dira; politikariak, berriz, ganorabako koadrila bat; eta erakunde zein zerbitzu publikoak, desegin beharreko zerbait. Hara, ba nik erakunde indartsu eta sare publiko efiziente bat nahi dut, baita horretarako zergaz josi behar bagaituzte ere. Beste hainbat kontutan bezala, aparrari begira gelditu gara olatuari jaramonik egin gabe. Krisi hau zor finantzario-pribatuak sorrarazi du, ez zor publikoak. Badaude, noski, funtzionario eskasak. Baina gehiago dira lan fina egiten duten mediku, hezitzaile, garbitzaile, suhiltzaileak… Edo kooperatibista larru-sendo batek kooperatibismo eredu osoa jartzen al du kolokan? Meatzarien harira, dirulaguntza publikoen inguruan ere entzun ditut makina bat astakeria. Kontuz, modu batera edo bestera gizarte aurreratuetan guztia baitago subentzionatua: euskara, kultur jarduna, industria, nekazaritza… eta hala behar du, gainera, daukaten garrantzi sozial edo estrategikoagatik hainbat sektore makali eustea ezinbestekoa baita. Diru publikoaren erabilera egokia egitea gauza bat da eta publikotasuna hankaz gora jartzea beste bat.