Eta hala ere, harrigarria da zein gutxi pentsatu eta hitz egiten dugun heriotzaz.
Inguruan norbait hiltzen denean ere, harriduraz hartzen dugu gertakizuna: ezepzionala balitz bezala, istripu ulertezin bat, zorigaitzeko patuaren gaiztakeria. "Jesus, hain zen gaztea!", esaten dugu. Edo: "Nork esango zuen ba orain hilko zenik, atzo bertan hitz egin nian berarekin eta!". Zorte txarra ere bada, ba, holakorik!
Eta harrigarria da, bai, ezen hiltzea munduko gauzarik arrunt eta ziurrena baita. Atzean daukagu herioren hatsa, aldamenean, uneoro.
Egia horrekin bizitzen ikasi beharko genuke beste edozeren gainetik. Hitza, kontzeptua, xehatu, jan eta digeritu. Horretarako ere balio behar bailuke bizitzak: hiltzen ikasteko.
Eta hiltzen ikastea heriotzari beldurra galtzea da: zergatik beldurtu nahitaez gertatuko zaigun gauza bategatik?
Behin gertatzen den gauza bat ezin da horren izugarria izan. Hil ondorengo existentziarik eza arbuiatzea jaio aurretiko existentziarik eza faltan botatzea bezain absurdoa da.
Zentzu horretan, igualtsua da gazte edo zahar hiltzea, kontua nola bizi garen da, eta irudipena daukat heriotzaren ideia barneratua duena beste inor baino libreago bizi dela, kontzienteago bizi duela bere bizitza, hain zuzen.
Erlijioek mitifikatu eta kriminalizatu egin dute heriotza, haien mesederako, noski, borondate uzkurrek erruz betetzen baitituzte elizak.
Sufrimendua izan liteke danteskoa, ez heriotza bera. Ni gaur, akaso. Eta zu, bihar. Edo etzi. Baina, zalantzarik gabe, biok hilko gara gaur, bihar edo etzi.
Ikas dezagun ziurtasun horren arabera bizitzen, heriotzaren ziurtasunak ematen baitio balio eta zentzua bizitzari.