... (Ikus Serge Latoucheren Teoria del decrecimiento).
Kontua sinplea da: munduak ez du etorkizunik gaur egun bizi dugun hazkunde zoro hau geldotzen (eteten) ez badugu.
Automobil enpresak negarrez hasten zaizkigu aurten iaz baino %10 edo 15 auto gehiago saltzen ez dituztenean. Berdin gertatzen da energia, elektragailu, jaki, arma edo beste edozein kontsumo gairekin ere. Ekonomia kapitalistak ez du beste aurrekuspenik: hazi, hazi eta hazi; kontsumitu, kontsumitu eta kontsumitu. Hor, gure gizartearen ustezko ongizatearen giltza. Hor, baita, gure galbidearen atea. Izan ere, inork uste al du benetan erritmo honi eutsi diezaiokegunik?
Jada zaharkituak gelditu zaizkigu "ekonomia sostenible", "hazkunde orekatu" edo "hazkunde ekologiko" bezalako kontzeptu faltsuak. Edo norabidez aldatzen dugu edo gureak egin du. Kontua da gai hauen inguruko eztabaida serioak behar ditugula sustatu gizartean, eta noski, hori, gaur-gaurkoz, agintean dauzkagun politikari txepelekin ia ezinezkoa da. Haien hitz ustel eta sinpleak titularraren bila baino ez dabiltza uneoro, AHT eta antzerako zorakeriak sutsuki sustatuz, baina desarrollismoaren inguruko eztabaida ukatuz, eta horrela, noski, gaitza suertatzen da ezer planteatzea.
Gero, beste aldean, gu geu gaude. Mundu sano, hobe, justu eta, batez ere, iraun ahal izango duen baten alde sakrifikatzeko prest geundeke? Lana murriztuz diru gutxiago irabazteko prest, esaterako? Edo gutxiagorekin bizitzeko prest?
Autoen abiadura murrizteko planaren aurrean entzundakoak entzunda, duda asko dauzkat. Hemen, nahiz eta frenoari eman beharra daukagula jakin, inortxok ez du bere bizitzaren abiadura moteldu nahi.