Zure elikagaia, zure sendagaia: Hipokratesi egotzitako esaldi hori ezaguna da, eta urteetan zehar ikusi dugu nola diluitu den haren ondorengoengan.
Gainera, nahiz eta gizartean ezagutza mailan gauza asko dakigun elikaduraren eta osasunaren arteko loturei buruz, zientifikoa ez den informazio pilo baten azpian lurperatuta bizi gara; moda-dieten eta elikagaien industriaren propagandaren menpe gaude.
Dietista-nutrizionistek (D-N) funtsezko papera daukate, eta Euskadi izan zen duela 30 urte baino gehiago Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua ematen hasi zen lehen lurraldea. Lanbidearen interes publikoa argia da, frogatuta dago haren jardunaren eraginkortasuna gaixotasun ez-kutsakorren prebentzioan, tratamenduan eta sendaketan –diabetesa, arnas gaixotasunak eta kardiobaskularrak–. Horiek dira heriotza-kausa nagusiak, biztanleriaren zahartzea eragin duen bizi-itxaropen handia dela eta. D-N lanbidea legeak arautzen duen osasun-lanbidea izan arren, kontsulta pribatuan bakarrik dago eskuragarri, eta Osakidetzaren bitartez ez da osasun publikoan D-N txertatu, Katalunian bezala, adibidez, kategoria profesionala sortuta dagoen arren. Eskaera hori Euskadiko Dietista eta Nutrizionisten Elkargoaren aldarrikapen historikoa izan da.
Diestista-nutrizionistak lehen mailako arretan integratzen ez direnez, gaixotasun horiek farmakologiatik tratatzen dira; ez da prebentzioa lehenesten eta elikadura egokiaren bidez konpontzen osasun arazoak. Gainera, D-Nak txertatzeak 105 euro aurreztea ekar dezake osasun publikoko gastuetan tratamendu dietetikoan inbertitutako euro bakoitzeko.
Dietista-nutrizionista osasun-arretako sisteman txertatzea ezinbestekoa da, beste herrialde batzuetan den moduan; beharrezkoa da bultzada politiko-administratiboa.