Anitza eta jendetsua

Erabiltzailearen aurpegia Ander Bolibar 2016ko api. 30a, 00:00

Zer moduz atzoko kontzertua? Ederto, jendetxoa gerturatu zen. Zer moduz asteazkeneko hitzaldia? Ona, kolore orotariko jendea etorri zen.

Aniztasuna eta harrera handia dira herrigintzatik antolatutako ekimenetako helburu desiratuenak, baina zer da aniztasuna? Zergatik jendetsua? Merkatuko arrakasta irizpideen araberako autodiagnostikoan tenkatu garelakoan nago.

Zer ikasi duzu hitzaldian? Botere harremanak deseraikitzen lagundu digu? Alternatibak planteatzen? Nolakoa izan da antolatzeko prozesua? Eraldaketa bilatzen baduzu, jendetza bertaratzea bigarren mailako kontua izan beharko zen.

Zer da ezberdina izatea? Aniztasunaren simulakroan, herrigintzako jende asko zapaltzen dugulakoan nago: Markatuak, kutsatuak, seinalatuak, betikoak… aniztasunerako gaitz pandemikoak kasik, herrigintzan lan lepo egin izan dutenak gutxietsi eta argazki koloretsutik kanporatuak. Bilatutako atomizazioan, adin, genero, jatorri eta hainbat alderdi politikoetako kideen saltsa artifizialetara ohitu gara. Munduko arrozak prestatzeko edo argazki koloretsurako gonbidatu dugun horrekin kontatzen al dugu egunerokoan? 

Gure ustezko gabezia edo konplexuetatik komunikatzen dugu, indargune edo helburuetatik baino. Pisu handia kenduko dugu gainetik kopuru eta itxurekin itsutu beharrean, antolatutakoaren ekarpen erantsia balorean jartzen badugu. Bakartasunean anitzak gara, multzoan berdintsuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak