Sorginak Emakume Elkarteak antolatutako euskal erromeria izango da azaroaren 8ko San Milixan azokako berritasun nagusia. Hogeita hamar herritar inguruk, gazte zein helduk, euskal dantzak ikasi dituzte azken asteotan, eta domekan plazara aterako dira, baserritar jantzita, ikasitakoa erakutsi, herria musikaz, dantzaz eta kolorez bete eta azken asteotan egindako ikastaroari amaiera berezia emateko asmoz.
Erromeria 12:00etan hasiko da, Leire Lezetak eta Dorleta Ezeizak musikaz girotuta
Dantzarako gonbidapena
Sorginak Emakume Elkartekoek herritar guztiak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera, dantzan aritzera ez ezik, giroaz gozatzera eta erromerian murgiltzera ere. "Azokako bisitariak ere ongi etorriak izango dira". Erromeria 12:00etan hasiko da, eta Leire Lezeta eta Dorleta Ezeiza eskoriatzarrak arduratuko dira musikaz, 13:00ak arte.
Elkartearen ibilbide oparoa
Sorginak Emakume Elkarteko Rosa Urretak azaldu duenez, elkartearen helburu nagusia da herriko emakumeak elkartzea eta elkarrekin ikastea. "Sorginaken helburua herriko emakumeak elkartzea, elkarrengandik ikastea eta adin guztietako emakumeak giro onean aritzea da. 35 urte daramatzagu lan horretan, eta harro esan dezakegu 30 urtez San Milixan ferian izan garela, hutsik egin gabe".
Aurten, euskal erromeria antolatzeko ideia sortu zitzaien, eta proposamenak harrera ezin hobea izan du herritarren artean. "Hunkigarria da euskal dantzen bueltan adin guztietako hainbeste herritar elkartzea", adierazi du, bestalde, Sorginak Emakume Elkarteko Ainhoa Barandiaranek. "Domekero 30 lagun inguruko taldea batzea Gatzaga moduko herri batean, oso aberasgarria izan da. Sorginak Emakume Elkarteari dagokionez, gainera, azkenaldian, indartzen ari dela esango nuke".
Era berean, Sara de Salterain uruguaitarrak berehala eman zuen izena euskal dantzen ikastaroan, bertako kultura ezagutzeko eta integratzeko asmoz. "Patricio de Salterain nire birraitona hemen jaio zen, eta Montevideora (Uruguai) emigratu zuen. Nire sustraiekiko maitasunak Gatzagara ekarri ninduen, eta duela bi urtetik hemen bizi naiz. Niretzat oso garrantzitsua da herriko kultura ezagutzea eta bertan integratzea, horregatik, dantza-ikastaroan izena ematea erabaki nuen. "Gainera, Sorginak Emakume Elkarteak gure arteko harremanak sendotzen laguntzen du, hainbat jardueraren bidez: jaietan taloak prestatzen ditugu, auzo-lanetan aritzen gara eta urtero tailerrak, txangoak eta bestelako ekintzak antolatzen ditugu. Uste dut Sorginak elkarteak funtsezko eragina duela Gatzagako bizitzan eta herri-giroan".
San Milixan artisau azokan 18 postu izango dira: hamalau frontoian eta lau kanpoaldean
Hamazortzi postu izango dira
Erromeria izango da aurtengo sanmilixanen berritasun nagusia, baina ohiko azokak ere ez du hutsik egingo. Guztira, hemezortzi postu izango dira: hamalau artisau-postu frontoian eta beste lau kanpoaldean. Bisitariek bitxiak, saskigintza-lanak, larruzko produktuak, poltsak, kosmetika eta arropa aurkituko dituzte, baita bertako gastronomiako hainbat produktu ere, hala nola babarrunak, piperrak eta Gatzagako gatza. Sorginak Emakume Elkartekoen talo-postua ere ez da faltako. Lizarratik piper erreak saltzera etortzen direnak azokan izango dira aurten ere, eta eurei laguntzen izango da Perico Orobengoa herritarra: "Beste urte batez, etorriko dira, eta urtero bezala, pikillo piperrak hazi barik, Errioxakoak, pipermorroak eta Nafarroako kontserbak, olioa eta intxaurrak ekarriko dituzte, besteak beste".
'Zordanbidez Gatzagara'
Kirolak ere izango du bere tartea. 10:30ean abiatuko da, Arrasateko Errementari plazatik, Zordanbidez Gatzagara herri-korrikaldia; Arrasate eta Leintz Gatzaga lotzen dituen 14,5 kilometroko ibilbidea da hori. Ekimenaren helburua ez da lehiatzea, kirola, natura eta lagunartea uztartzea baizik. Horregatik, parte-hartzaileek ibilbide osoa egin dezakete, edo nahi duten zatian batu. Eguerdiko hamabietan Gorosarri landetxean egingo dute geldialdia, ura eta fruta hartzeko, eta Gatzagara 13:00 aldera iristea espero dute.
Autobus bereziak
San Milixan Egunera autobusez joateko dei egin du Leintz Gatzagako Udalak. Izan ere, azken urteotan moduan, autobus bereziak egongo dira azokara joateko, DG21E linean. Eskoriatzatik Gatzagara: 10:00etan, 11:45ean eta 13:45ean; eta Gatzagatik Eskoriatzara: 11:10ean, 13:10ean eta 15:10ean.