Kirolak ere bere lekua izango da aurten ere sanmilixanetan. Izan ere, hainbat lagun 10:30ean abiatuko da Arrasateko Errementari plazatik Zordanbidez Gatzagara herri-korrikaldia, Arrasate eta Leintz Gatzaga lotzen dituen 14,5 kilometroko ibilbidea eginez. Iaz, hamargarren edizioa izan zen, eta aurten hamaikagarrena izango da. Hala, antolatzaileek talde handia osatzeko deia egin diete ekimenean parte hartu nahi dutenei, elkarrekin bidea egiteko.
Lagunartean, taldeko erritmoan
Ekimenaren helburua ez da lehiatzea, kirola, natura eta lagunartea uztartzea baizik. Horregatik, parte-hartzaileek ibilbide osoa egin dezakete edo nahi duten zatian batu. Taldean erritmoa errespetatzea eskatzen dute antolatzaileek, eta, lagun arteko irteera bat izanda, bakoitza bere buruaren erantzule da. 12:00etan Gorosarri landetxean egingo dute geldialdia, ura eta fruta hartzeko, eta 13:00ak inguruan Gatzagara iristea aurreikusten dute. Helmugan dutxatzeko eta herri-bazkarian parte hartzeko aukera izango dute. Ibilbide osoa osatzen dutenen artean, gainera, bi txapel banatuko dituzte.
Parte hartzeko, izena eta abizenak gatzagakorrika@gmail.com helbidera bidali behar dira.