Txirrindularien santutegian aurkeztu dute errepideko zezenaren liburua

Hasier Larrea

40ko hamarkada bukaeran Frantziako ziklismoaren esperantza bilakatu zen Jesus Mujika Errasti urretxuarra. Haren ama jaio zen Arrikurutz baserritik gertu, Dorletako santutegian, egin du Emilio Ortiz Quilezek Errepideko zezena deitura jarri zioten txirrindulariaren bizitza labur bezain mardularen errepasoa. Aldamenean izan ditu Gatzaga eta Urretxuko alkateak, Alfredo Relaño kirol kazetaria, garaiko kirolariak eta Frantziatik etorri diren Mujikaren senitartekoak.  

Jesus Mujika Errastiren biografia argitaratu du Emilio Ortiz Quilezek, eta aurkezpenetako bat Dorletako santutegian egin beharra zeukan, halabeharrez. Atzo arratsaldean dozenaka lagun elkartu ziren bertan, duela 80 urteko istorioak entzuteko irrikaz: "Urretxun egin genuen lehenengo aurkezpena txirrindulariak 100 urte beteko lituzkeen egunean; eta bigarrena, hemen, 1923ko abenduaren 29an haren ama –Maria Candelaria Errasti– eta aita –Jose Mujika– ezkondu ziren tokian. Oso pozik nago abentura honetan bidelagun izan ditudan jende asko elkartuko garelako: Dorletako Ama txirrindulari taldeko kideak, Jose Luis Plazaola Brasileña Branik txirrindulari taldeko zuzendari izandakoa, Jose Mari Igartua Athletic-eko jokalari ohia, Mujikaren iloba bat... Ederra da Dorletako santutegian bat egitea denok, toki benetan zoragarrian", esan du idazleak. 

Aurkezpenean hitza hartu dute Urretxuko alkate Jon Luquik eta Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutiak. Honen esanetan, "gatzagarrondako inportantea da halako ezagutza duen idazle batek Mujikaren bizitza aztertu eta zabaltzea". Liburua irakurtzeak "merezi duela" azpimarratu du, "altxor moduko anekdota asko dakartzalako, baita gure herriarekin lotutakoak ere, Gatzagak txirrindularitzarekin duen lotura estuaren adibide". 

Onenen pareko

Liburuaren hitzaurrea Alfredo Relaño kirol kazetari madrildarrak idatzi du, eta hark ere hitzorduan egoteko tartea hartu du: "Non, eta ia-ia txirrindularitzaren zero kilometrotzat har dezakegun paraje honetan". Azaldu duenez, frantsesez idatzitako entziklopedia txiki batean irakurri zuen lehenengoz Jesus Mujikaren izena: "Gerora jakin dut bizitza liluragarria izan zuela: umetan Gipuzkoatik Frantziara bizitzera joan, gerran alemaniarrengandik ihes egin eta makiekin elkartu, txirrindulari bezala Fausto Coppi eta Rik Van Steenbergenen parean aritu... Behin irakurri nuen 100 urte bizi zaitezkeela, baina egunero berdina egiten baduzu, egun bakarra bizitzea bezala dela. Tipo honek 24 urte bizi izan zituen, baina bete-beteak", aipatu du Relañok. 

Mujikak, Errepideko zezena bezala ezagun egin zenak, Bordeaux- Paris lasterketa irabazi zuen 22 urterekin, eta Paris- Rubeaux eta Paris-Brusela lasterketak irabazteko zorian egon zen. 1949an Frantziako txirrindulari onena izendatu zuten, baina, zoritxarrez, hurrengo urtean hil zen, 24 urterekin, auto-istripuan, Jean Rey –hura ere txirrindularia– eta autoa gidatzen zuen txoferrarekin batera. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak