Emilio Ortiz Quilez (Gasteiz, 1954) komunikatzaile amorratua da. Urteak egin ditu Gasteizko zenbait komunikabiderekin kolaboratzen, baina berez futbolari lotuta egon da, besteak beste, Alaveseko entrenatzaile izan da-eta. Ziklismo-zalea, mokorreko ebakuntza batek baldintzatuta hasi zen Facebook-en txirrindularitzaren gaineko garai bateko istorioak idazten, eta zeregin horretarako ikerketa lanetan zebilela iritsi zitzaion Urretxun jaio zen baina ama gatzagarra zuen Jesus Mujikaren istorioaren berri. GOIENAk uztailean argitaratu zuen Frantzian 40ko hamarkadan izan zen txirrindulari nabarmen honen kontakizuna, eta orain liburu formatuan dator.
Zerk eraman zintuen Jesus Mujikaren gainean idaztera?
Betidanik gustatu izan zait txirrindularitza eta gertutik jarraitu izan ditut Langarica, Ocaña, Loroño, Bahamontes eta bestelako ziklistek egiten zituzten balentriak. Ni ere halako istorioak idazten hasi nintzen eta urretxuar batek eman zidan Jesus Mujikaren gaineko lehenengo pista, ama gatzagarra bazuen ere Jesus Mujika Urretxun jaio zelako. Haritik tiraka hasi nintzen, ikertzen, eta istorio eder honekin egin nuen topo. Jesus Mujikaren bizitza zinemara eramateko modukoa da.
Zer du berezitik?
Oso gaztea dela gurasoak Frantziara joaten dira bizitza hobe baten bila, eta garai hartan Mujikak euskaraz baino ez daki berba egiten. 12 urte dituela Bigarren Mundu gerra hasten da, eta naziek gazte frantziarrak Alemaniara eramaten dituzte lanera. Mujika, baina, makiekin joaten da –Frantziako okupazio naziaren aurka borrokatu zuen gerrillari antifaxisten mugimendua–. Gerra amaitzerakoan bizikleta hartzen du ostera ere eta talde oso xume baten hasten bada ere Frantziako talde handiek segituan jartzen dute arreta harengan. Urte gutxitan progresio galanta izaten du eta zale frantziarrak gertutik jarraitzen hasten dira. Hala, 1949an oso urte ona egiten du, Paris-Roubaixen podiumera igotzen da eta Bordele-Paris lasterketa irabazten du. Erreferentziazko ziklista bilakatzen da, Tourra irabaz dezakeen ziklista bat daukate frantziarrek, baina 1950eko udazkenean, auto istripu batean hil egiten da, 24 urterekin.
Leku berezia aukeratu duzue liburua aurkezteko...
Dorletako Santutegia leku aparta da, gutxienez birritan bisitatu beharrekoa. Ziklisten zaindaria da eta merezi du garai bateko eta gaur egungo ziklisten maillotak ikustera joatea, museo txiki bat da hura. Gainera, Jesus Mujikaren gurasoak bertan ezkondu ziren. Liburua Urretxun aurkeztu dugu lehenengo, Mujika bertan jaio zelako, eta Leintz Gatzagakoa bigarren aurkezpena izango da.
Zeintzuk elkartuko zarete bertan?
Urretxuko eta Leintz Gatzagako alkateak egongo dira, Mujikaren senitartekoak datoz Frantziatik eta txirrindularitzarekin harreman estua duten lagunak ere izango dira bertan. Eta besteak beste, hitzaurrea idatzi duen AS-eko zuzendari ohi Alfredo Relaño kazetaria ere bertan izango da.
100 urte bete dira Jesus Mujika jaio zela. Urte hauetan zenbat aldatu den txirrindularitza.
Izugarri, baina gauza bat esango dizut. 1948an Rik Van Steenbergen-ek irabazi zuen Paris-Roubaix lasterketa, batezbeste 43,9 kilometro orduko abiadurarekin. Bada, lasterketa horretako inoizko bederatzigarren marka onena da. Materiala aldatu da, entrenatzeko modua aldatu da... Baina pentsa, orduko ziklistek ere zer nolako maila zuten.
Zelako txirrindularia zen Jesus Mujika?
Txirrindulari oso indartsua zen, sekulako indarra zuen, horregatik jarri zioten Errepideko zezena ezizena. 176 zentimetrotako garaiera zuen, garai hartarako gizon garaia zen eta errodadore aparta izateaz batera mendateetan ez zen atzean geratzen. Horregatik uste zuten Frantziako Tourra irabazteko aukerak izan zitzakeela. Bordele-Paris lasterketa irabazi zuenean, esaterako, orduko kazetariek nabarmendu zuten Mujika ez zela helmugara lehertuta iritsi, oso itxura ona zeukala. Eta pentsa, 17 ordu egin zituen bizikleta gainean. 33,4 kilometro orduko batez bestekoa egin zuen.
