40ko hamarkadan Frantziak izan zuen txirrindulari onenetakoa euskalduna zen, Jesus Mujika Errasti (Urretxu, 1926). Aita ere urretxuarra zen, Jose Mujika Cennagoya, eta ama gatzagarra, Maria Candelaria Errasti Fernandez de Arroyabe. "Arrikurtz baserrikoa zen ama. Guk istorio horren berri duela urtebete izan genuen, Dorletako Ama Txirrindulari Elkarteko kideak Labastide-d'Armagnac-en izan ginenean. Eta han konturatu ginen 40ko hamarkadan ziklismoko promesa zen Mujikaren ama gatzagarra zela", adierazi dio GOIENAri Joxerra Agirreurretak. Bada, Jesus Mujika Errastiren gaineko liburua idatzi du Emilio Ortiz Quilesek, eta irail amaieran Dorletako Amako santutegian aurkeztuko du.
Frantziara umetan
30eko hamarkada hasieran, 36ko gerraren atarian, Mujikak 5 urte zituela, familia mugaren beste aldera joan zen, Boulogne-sur-Gesse herrira. Mujika haurra zen, eta euskaraz baino ez zekien. Hala, herri hartako apaizak Jesus izena desegokia zela erabakita, izena aldatu eta abizena ere egokitu zion: Jacques Moujica izatera pasa zen. Urte gutxira, nahiz eta gurasoek ez zuten txirrindularitzaz ezer jakin nahi, modu batera edo bestera lortu zuen lehenengo bizikleta, Elvish markakoa, eta inguruko lasterketa guztietan nabarmentzen hasi zen. Hala, St. Gaudens klubak fitxatu zuen, eta han hasi zitzaizkion Errepideko zezena ezizenarekin deitzen, sekulako indarra zeukan txirrindulari gaztea zelako.
Frantziako Tourra birritan irabazi zuen Antonin Magnek eman zion profesionaletara jauzi egiteko aukera, eta, klasikozale peto-petoa, orduko egun bateko lasterketa garrantzitsuenetan hartu zuen parte: Milan-San Remo, Paris-Tours, Paris-Brusela, Paris-Roubaix...

Paris-Roubaixen, polemika
1949a izan zen Mujikaren urte nabarmenena. 23 urterekin Challenge Yellow saria irabazi zuen –Frantziako ziklista erregularrenari ematen zioten saria–, Paris-Roubaixen podiumera igo zen eta Bordele-Paris lasterketa irabazi zuen. Paris-Roubaixko podiumak, baina, azalpenak eskatzen ditu, hirugarren postua bulegoetan kendu zioten eta. Mujikak erasoa jo zuen 26 kilometro falta zirenean, baina eroriko batean bizikletako pedaletako bat hautsi zuen. Andre Mahe frantziarrak eta Leenen belgikarrak harrapatu egin zuten, eta hirurak batera sartu ziren Roubaixko belodromoan. Eta hor dator anekdota; izan ere, polizia batek bidea gaizki adierazi, eta kazetariek belodromora sartzeko zuten atetik sartu ziren hiru txirrindulariak azken itzulia ematera, eta, ondorioz, besteek baino 200 metro gehiago egin zituzten.
Atzetik zetozenen artean, taldeko esprinta ordurako izarra zen Fausto Coppiren anaia Sergio Coppik irabazi zuen, eta hor sortu zen zalaparta. Italiarrengandik presio handia egon zen; orduko prentsak dio saria anaiari ematen ez bazioten Fausto Coppik lasterketara ez bueltatzearekin mehatxu egin zuela, eta Bianchi bizikleta-markak botere handia zuen orduan. Bada, aferak hainbat hilabete iraun zuen. Frantziako Federazioak ez zuen presioaren aurrean amorerik eman, baina italiarrek nazioarteko erakundeetara jo zuten. Azkenean, bi garaile izendatu zituzten, ex aequo edo maila berean: Andre Mahe eta Sergio Coppi. Jesus Mujika bosgarren postuan sailkatu zuten. Neurri handian, horrek kalte baino gehiago mesede egin zion Mujikari, Frantziako zaleen bihotzetan sartu zelako.
Arantza ateratzeko unea
Bordele-Paris gaur egun desagertuta dagoen lasterketa da. Frantziako Tourra baino lehenagokoa da, eta ziklistek 586 kilometro egiten zituzten. Basakeria hutsa zen, eta urtetik urtera geroago eta ziklista gutxiago animatzen zirelako desagertu zen proba hura, 80ko hamarkadan. Hain zuzen, 1971n eta 1972an ez zuten lasterketa egin ahal izan, ez zirelako nahikoa ziklista bertaratu. Bada, 1949 hartan, Paris-Roubaix lasterketan gertatutakoa ahazteko, Mujikak Bordele-Paris irabazi zuen.
Urretxuarrak 17 ordu, minutu 1 eta 19 segundoan osatu zuen ibilbidea, 33,4 kilometro orduko batez bestekoa eginda. Sekulako marka da, jakinda garai hartan zelako bizikletak zituzten eta zein zen errepideen egoera. Lasterketan zehar gurpil bat lehertu zitzaion, eta 3 minutu galdu zituen. Hala ere, berriro bizikletara igo, tropela aurreratu, ihes egindako txirrindulariak harrapatu –tartean, Marcel Hendrickx, Belgikako txapelduna–, eta lasterketa irabazi zuen. Garaipen harengatik 3 milioi franko irabazi zituen Mujikak, gutxi gorabehera; egungo 110.000 euro.
24 urterekin hil zen Jesus Mujika, auto istripuan; gertaerak hunkidura handia sortu zuen Frantzian
Zorigaiztoko auto-istripua
Jesus Mujika Errasti 24 urterekin hil zen, 1950eko udazkenean, auto istripu batean. 1942a ezkero Fausto Coppiren jabetzapean zegoen orduko errekorra ontzea zeukan begiz jota, eta horretarako ari zen entrenatzen. Kontrara, Frantziako Tourra oraindik lehiatzeke zeukan, ez zeukan horretarako presarik. Bada, azaroaren 13 hartan Saint Etienneko Sei Egunak lehiatzetik zetozen Mujika eta Jean Rey –hura ere txirrindularia–, autoa gidatzen zuen txoferrarekin batera. Behe-lainoa zegoen, eta errepide bustia. Eta, Montelimartik gertu, bide bazterrean matxuratuta zegoen kamioi baten atzealdea jo zuten bete-betean. Kolpearen ondorioz, bertan hil ziren bi txirrindulariak. Gertaera hark hunkidura handia sortu zuen Frantziako ziklismozaleen artean. Ordutik, abuztuaren 16an Mujikaren omenezko lasterketa jokatzen dute Boulognen. Hain justu, Aretxabaletako Andraimaixetan duela 87 urtetatik Leintz Bailarari Itzulia jokatzen duten egun berean. Aurten 100 urte bete dira Jesus Mujika Errasti jaio zela.