Joan den asteko egubakoitzean, hilak 4, hasi eta bost egunez murgildu dira gatzagarrak andramaixetan. Urteroko hitzorduak izan dira nagusi herrian, eta, beti bezala, izan dira arrakasta gehiago edo gutxiago izan duten ekintzak. Alde horretatik, Leintz Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutiak herrian izan direnek gozatu izana nabarmendu du, jaietara joan den jende kopuruaren gainetik: "Jaietako balorazio positiboa egiten dugu: ondo joan da guztia, ez da inongo gertakaririk egon, sekulako giroa izan dugu... Askotan galdetzen digute: 'Zenbat jende egon da?'. Uste dut jaietara etorri den jende kopurua baino garrantzitsuagoa dela egon den jendea nola egon den eta nola pasatu duen".
Bigantxetan, bola-txapelketan eta herri afarian batu zen jende kopuru handiena, eta, oro har, "jendearen erantzuna oso ona" izan dela azpimarratu du Elkorobarrutiak. Jaien balorazioa egin eta gero ikasteko gauzak "urtero" izaten dituztela onartzen duen arren, aurtengoa "nahiko ondo" joan dela dio. Herritarrei eskerrak emateko ere aprobetxatu du alkateak: "Herritarrei eskerrak ematea tokatzen zaigu Udaletik, euren laguntzarik gabe ezingo genukeelako honekin aurrera egin".
Gatza City Krew-koak, pozik
Gatza City Krew taldeko kideak ibili ziren egubakoitzeko kontzertuak antolatzen, eta, jaiak bukatuta balorazio zehatzik egin ez badute ere, "asteburua ondo" joan zela eta "herri giro oso polita" egon zela diote.