Hasi dira Leintz Gatzagako andramaixak, eta egun potoloa izan zen atzokoa jaiei behar bezalako hasiera berezia emateko. Dorleta Txirrindularitza taldeak eman zuen jaiak hasteko pregoia, eta behin festa hasita, ginkana, triki-pintxo-poteoa, bola txapelketa eta Izorrai, Ateri, Aingura eta Lepue Zapaldu taldeen kontzertuak egin zituzten.
Dorleta Txirrindularitza taldeko kide Joxerra Agirreurretak eta Alberto Altunak hartu zuten hitza pregoian, eta txirrindularitzak Leintz Gatzagan duen indarraz hitz egin zuten: "Uste dut herriak daukan gauza garrantzitsu bat dela txirrindularitza, eta hori uztailean denok ikusi genuen Dorletako Ama Sari Nagusiak utzitakoarekin. Orain lasterketa antolatzeko ardura gazteei utziko diegu, baina gu ere inguruan egongo gara".