Iazko arrakasta ikusita, bigantxek ez dute hutsik egingo aurten ere

Julen Murua Mesonero

Bigantxen saioa, iaz.

Iazko saioarekin alderatuta, ordutegia izango da aldaketa nagusia; izan ere, mus eta briska txapelketekin batera izan ez dadin, 18:30ean ezarri dute bigantxen hitzordua.

Leintz Gatzagako andramaixetarako bigantxen saioa berreskuratzeko hautua egin zuten iazko jaietan, herritarren artean egindako galdeketa baten proposamen hori jaso eta gero. Bada, udal ordezkariek adierazi dutenez, "iazko jaietako ekintza potenteena" izan zen hura, eta "herritarrak oso gustura" aritu ziren zezenaren aurrean zein hesien atzetik saioa ikusten. Hala, aurtengo andramaixei begira, berriro ere galdetzeko beharrik izan gabe, egitarauan sartzea erabaki dute.

Zapatuan izango da bigantxen hitzordua, 18:30ean, Herriko Plazan. "Iaztik hona, aldaketa bakarra ordutegia da; izan ere, ez dugu nahi mus eta briska txapelketekin batera izatea", adierazi du Leintz Gatzagako Udalak.

Adin muga

Aurten ere Bergarako Zezenak ganadutegiaren eskutik antolatu dute bigantxen saioa Gatzagan. Udal ordezkariek diote espero dutela "herritar asko joatea Herriko Plazako saiora eta Iñigo Almortzak zezenaren aurrean jartzen direnak etengabe animatzea". Bestalde, Udalak gogorarazi du plaza ingurua hesituta egongo dela eta 16 urtetik beherakoek debekatuta izango dutela bigantxetan parte hartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak