Gaur, egubakoitza, 18:00etan hasiko dira andramaixak. Udaletxeko balkoitik irakurriko dute pregoia, eta boloa egingo dute gero, gazteenek goza dezaten. Hala ere, iluntzeko ekintzen ostean, egubakoitzeko hitzordu nagusia iritsiko da: kontzertu gaua. Gatza City Krew taldeko kideek lau kontzertuz osatutako programa prestatu dute, 22:30ean hasita: Ateri, Izorrai, Aingura eta Lepue Zapaldu taldeak igoko dira oholtzara.
Gatza City Krew taldeko kideek onartu dute egubakoitzeko kontzertuen estiloari dagokionez "nahiko fidelak" direla eta punk-rock eta punk-oi! estiloen bueltako taldeak lotzen saiatzen direla urtero. Alde horretatik, Debagoienean musika estilo horietako talde ugari daudela kontuan hartuta, Gatzagan joko duten talde gehienak bailarakoak izango dira –Ateri, Izorrai eta Lepue Zapaldu–. Izan ere, bertako musikariei agertokia eskaintzea bada urtetik urtera Gatza City Krew taldekoek izaten duten helburuetako bat: "Beti pentsatzen dugu gure inguruko musika taldeetan: bailarakoetan eta euskal eszenan dabiltzan taldeetan. Aurten esaterako, Gatzagako talde bat ere izango dugu gurean: Ateri. Duela urtebete inguru sortu zuten proiektua, eta, horko kide bat gatzagarra izanda, kontaktuan jarri ginen lehenengo taldea hura izan zen. Pozik gaude etxeko batek kontzertua gurean joko duelako".
Autobus zerbitzu berezia
Hainbat zerbitzu jarriko dituzte Gatzagatik joan-etorriak egiteko. Irailaren 4an, Oñatitik 21:00etan, 22:30ean eta 00:00etan abiatuko dira, eta ibilbide hau egingo dute: Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzaga. Aldiz, Leintz Gatzagatik itzultzeko irteerak 01:00etan, 02:30ean eta 05:00etan izango dira.
Irailaren 5ean, DG21E lineak –Leintz Gatzaga-Eskoriatza– 17:10ean, 19:10ean eta 21:10ean eskainiko ditu zerbitzuak Leintz Gatzagatik, eta 17:45ean, 19:45ean eta 21:40ean Eskoriatzatik, zerbitzua aurrez eskatzeko beharrik gabe. Era berean, irailaren 6an, igandea, autobusa aurrez eskatzeko beharrik gabe bidaiatu ahal izango da 11:10ean, 13:10ean eta 15:10ean Leintz Gatzagatik, eta 11:45ean, 13:45ean eta 15:45ean Eskoriatzatik. Ordutegiak Lurraldebuseko webgunean edo 900 30 03 40 telefonoan kontsulta daitezke.