Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak eskainiko ditu, nahi duten pertsonek Leintz Gatzagako Andramaixetara modu “jasangarri, eroso eta seguruan” joan ahal izan daitezen. "Jaiak modu jasangarrian, eskuragarrian eta, batez ere, seguruan gozatu ahal izateko, Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditugu martxan, Leintz Gatzagara joan- etorriak errazteko. Kalitatezko garraio publikoaren alde egiteak aukera ematen digu mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiteko, baina, horrez gain, herritarren bizi-kalitatea hobetzen, haien segurtasuna bermatzen eta bizitzako hainbat esparrutara —aisialdira ere bai— sarbidea demokratizatzen laguntzen du; horrela, pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatuz", azaldu du Azahara Dominguez diputatuak.
Hainbat autobus joan-etorriak egiteko
Hainbat zerbitzu jarriko dituzte Leintz Gatzagatik joan-etorriak egiteko. Irailaren 4an, egubakoitza, Oñatitik 21:00etan, 22:30ean eta 00:00etan abiatuko dira, eta ibilbide hau egingo dute: Arrasate (21:15ean, 22:45ean eta 00:15ean), Aretxabaleta (21:25ean, 22:55ean eta 00:25ean), Eskoriatza (21:35ean, 23:05ean eta 00:35ean) eta Leintz Gatzaga (21:45ean, 23:15ean eta 00:45ean). Aldiz, Leintz Gatzagatik itzultzeko irteerak 1:00etan, 2:30ean eta 5:00etan izango dira.
Zapatuan, irailaren 5ean, DG21E lineak (Leintz Gatzaga-Eskoriatza) 17:10ean, 19:10ean eta 21:10ean eskainiko ditu zerbitzuak Leintz Gatzagatik, eta 17:45ean, 19:45ean eta 21:40ean Eskoriatzatik, zerbitzua aurrez eskatzeko beharrik gabe. Era berean, irailaren 6an, igandea, autobusa aurrez eskatzeko beharrik gabe bidaiatu ahal izango da 11:10ean, 13:10ean eta 15:10ean Leintz Gatzagatik, eta 11:45ean, 13:45ean eta 15:45ean Eskoriatzatik.
Ordutegi guztiak Lurraldebuseko webgunean edo erabiltzailearen arretarako 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango dira.