Urteroko ekintza nagusiei eutsiz, andramaixei begira jarrita daude

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 24a

Bigantxek iaz izan zuten arrakastaren ostean, jarraipena izango dute aurten.

Iazko arrakastaren ostean, bigantxak egongo dira aurten ere Herriko Plazan

Urteroko legez, irail hasieran ospatuko dituzte andramaixak Leintz Gatzagan. Aurten, zehazki, hilaren 4tik 8ra bitartean izango da nagusi jai giroa Gatzagako kaleetan, eta azkenengo hilabeteetan egitaraua prestatzen ibili dira Udala eta herriko hainbat eragile, elkarlanean; hain zuzen ere, Sorginak Emakume Elkartekoak, Gatza City Krew taldeko gazteak eta Gurel Guraso Elkarteko kideak ibili dira antolatzen.

Iazkoari jarraipena

Jaiak pregoiarekin hasteko asmoa dute, baina, oraindik pregoilaria zein izango den zehaztuta ez dutenez, ezin izan dute horren gaineko ezer aurreratu antolatzaileek. Gainontzean, Leintz Gatzagako andramaixetako egitarauan betiko kontuei eutsiko diete aurten ere; izan ere, "ondo funtzionatzen duen egitaraua" dela dio Udaleko Kultura batzordeko zinegotzi Aiora Elkorobarrutiak. Egubakoitzean, esaterako, Gatzagan jokatzen den hiru bola-txapelketako bat jokatuko dute. 20:00etan irekiko dute bolatokia, berotu nahi duten parte hartzaileek aurreneko bolak bota ditzaten; berotu eta gero, 22:00etan hasiko da andramaixetako bola-txapelketa.

Iaz berritasuna izan ziren bigantxek ere ez dute kalerik egingo aurtengo jaietan; irailaren 5ean, zapatua, izango da, 18:30ean hasita. "Jende asko joan zen Herriko Plaza ingurura bigantxak ikusteko, eta hainbat herritar ere ausartu ziren haien aurrean jartzera. Ekintza nahiko arrakastatsua izan zela iruditzen zaigu, eta aurtengo jaietan ere jarraipena eman nahi diogu horri", adierazi du Elkorobarrutiak.

Herri afaria ere egingo dute, urteroko legez; zapatuan izango da, 21:00etan, herriko frontoian; afalostea Trikidantz taldeak girotuko du. Domekan, berriz, urteroko hitzordu bilakatu den herri kirolen erakustaldia egongo da Herriko Plazan, eta ostean, Zeuk egin, zeuk jan herri-bazkaria egingo dute.

Bederatziurrenaren bukaera izango da hilaren 7ko ekintza nagusia, eta ogia eta gazta banatuko dituzte Dorletan. Martitzenean, 8an, bukatuko dituzte jaiak. 12:00etan, ongietorria egingo diete Otxandiotik Gatzagara joaten direnei, eta salda eta pintxoak banatuko dituzte. Ostean, meza egingo dute, eta Aliritzi taldearen emanaldiarekin bukatuko dituzte jaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak