Gorka Corres (Caja Rural), indartsuena Gatzagan

Mireia Bikuña 2025ko uzt. 21a, 16:37

Dorletako Ama sariaren azken aldapan eman du kolpea txirrindulari gasteiztarrak, eta atzean utzi ditu  Euskadi taldeako Asier Castilla eta California Team taldeko Richar Morris. Caja Ruralendako izan da Taldekako Saria eta taldeko horretako Mikel Unzillarentzat Mendiko Saria.

Dorletako Amako antolatzaileek botatako ordagoari, ibilbidea gogortzearena alegia, gogotik erantzun diote irteera puntuan batutako 120 bat ziklistak. Aurretik, menu beldurgarria: 117 kilometro 2.170 metroko desnibelarekin, Leintz Gatzaga eta Apotzaga lautan igota.

Leintz Gatzagako San Migel plazatik Eskoriatzara hartu du tropelak, eta lehen aldiz igo dute Apotzaga. Handik bueltan, berriro sartu dira Gatzagako erdiguneko galtzada-harritik. Lehen itzulian tropelak batera igo du Gasteizerako bide zaharreko aldapak, bide bazterrean zeuden zaleen txalo zaparrada artean.

https://goiena.tok-md.com/argazkiak/ATK/cache/IMG_4355_tokikom_700x700.JPG

Bigarren eta hirugarren itzulietan, tropela sakabanatuago pasa da herrigunetik, baina, lasterketa-buru garbi barik. Hala, Apotzagatik Leintz Gatzagara arteko ibilbide zatian erabaki da proba. Gorka Corres minutu bateko aurrerapenarekin sartu da helmugan. "Gogorra izan da, baina polita ere bai. Iaz Mendiko Saria irabazi nuen, eta ezagutzen nuen proba. Baina, aurtengo aldaketekin, askoz gogorragoa izan da. Ni oso pozik nago", esan dio GOIENAri Gorka Corres irabazleak.

Mikel Leteren oroimenezko Antzuola Sarian moduan, Gatzagan ere nagusitasuna erakutsi du Caja Rural taldeak. "Lasterketa guztietara joaten gara irabazteko asmoarekin. Gutxienez, gogor lehiatzera. Ostean, errepideak bakoitza bere lekuan ipintzen du. Gaur ere, talde onena izan gara".

Debagoiendarrak

Dorletako Ama Sarian parte hartu dutenen artean, bailarako bi ordezkari egon dira: Beñat Iñarra aramaioarra eta Aimar Erostarbe oñatiarra. Biek ala biek sufritu dute gogotik, baina biak heldu dira helmugara. "Nire ezaugarrietara egokitzen den proba da hau, baina, gaur ez didate hankek lagundu. Hasieratik nabaritu dut ez zela egun onena izango. Oso gogorra izan da, baina pozik nago, proba bukatu dudalako", aipatu du Iñarrak.

Arazok fisikoak baino, teknikoak izan ditu txirrindulari oñatiarrak: zulatu batek tropelaren azken postuetara eraman du. "Oso azkar hasi dugu lasterketa, eta ibilbideak lautada oso gutxi duenez, oso gogorra izan da. Gainera, zulatua izan dut, eta ostean, dena eman behar izan dut tropela harrapatzeko. Hurrengo astean lasterketak ditut, eta azken kilometroak lasaiago egitea erabaki dut", kontatu du Erostarbek.

Beñat Iñarrak Gaztela-Leongo Itzulia egingo du uztailaren 21etik 26ra, eta Aimar Erostarbek Zamorako Itzulia, hilaren 28tik 31ra.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak