"Euskara ikastera" etorri zela nabarmendu du: "Nire abizenaren sustraiak Euskal Herrian eta Gatzagan ere badaudenez, maitasun handia izan diogu betidanik euskarari. Montevideoko Euskal Etxean hasi nintzen ikasten eta udako opor batzuetan Lazkao eta Zornotzako euskaltegietan ere izan nintzen".
Hizkuntzarekiko atxikimendua familiari transmititu dio: "Aurrekoan, alabak esan zidan euskara ikasten hasi dela, eta, harekin batera, baita biloba ere. Poz handia hartu nuen. Gogoan dut nola duela zazpi urte etorri ginen salteraindarrok Korrikara. Denon artean eraman genuen lekukoa. Egun zoragarria izan zen, itzela eta oso hunkigarria".
Pasioz dihardu
Gaur egun, B2 maila bukatzen dabil Aretxabaletako euskaltegian, astean zortzi orduz, "jarioa lortzeko helburuarekin, titulua edukitzekoarekin baino gehiago". Euskaraz jariotasunez hitz egitea iruditzen zaio "zailena", baina badabil urratsak egiten: "Niretzat gakoa lehen hitza euskaraz egitea da, gero gaztelerara pasatu arren. Hala ere, komunikabideak euskaraz kontsumitzen ditut, ulertzeko gai naizelako. Eta esan behar dut asko gustatzen zaizkidala euskalkiak". Hobekuntza horretan inguruak asko laguntzen dio: "Gatzagan jende dezentek egiten du euskaraz".