Gatz Eguna Debagoieneko Mankomunitatearen, Leintz Gatzagako Udalaren eta Debagaraia Landa Garapenerako Elkartearen elkar lanaren bidez antolatu da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren laguntzarekin. Hala, asteon egitarauaren berri eman dute Gatzagako Gatz Museoaren informazio-gunean prentsaurreko bidez.
Bertan azaldu dutenez, aurtengo egitarauan gatza eta bertako produktuen azokaz gain, bisita gidatuak, showcooking-a, mendi irteerak, musika, jolasak eta ikuskizunak izango dira, hain preziatua den produktua ezagutu eta balorean jartzeko helburuarekin.
Gatz kulturari zabalkundea
Prentsaurrekoan Aitor Larrañagak, Leintz Gatzagako teknikariak eta Gatz Museoko arduradunak adierazi duenez, Leintz Gatzaga da Gipuzkoako herri bakarra gatza ekoiztu duena. Gatz kultura hemen dago gordeta, eta guk ez dugu ezkutatuta izatea nahi, gatz kultura zabaldu nahi dugu, eta, kultura hori sortzen jarraitu behar dugu".
Hori kontatzeko, hau da, Gatzagaren historia kontatzeko Gatz Eguna antolatzen dutela azpimarratu du Larrañagak.
Egun betea
"10:00etan hasi eta 14:30ak arte inguru, plazan azoka izango da bertako produktuena; mendi ibilaldi gidatua egongo da PR37tik, Hiruerreketako ibilbidetik, Deba ibaiaren sorreratik, eta gidatua izango da… ", adierazi du Aitor Larrañagak, Leintz Gatzagako teknikariak eta Gatz Museoko arduradunak. Gaineratu duenez, Aretxabaletako tomatea presente egongo da azokan. "Aretxabaletako tomateak historia handia duela badakigu, eta gure gatza gaineratuta historia gehitzeaz gain, zaporea ere handitzen zaio. Haurrentzako zurezko jolasak ere egongo dira, nahiz-eta ez diren soilik, haurrentzat; Anne Otegirekin bertako produktuekin sukaldaritza komentatu bat egingo da, herritar batek gazta nola egiten duen ere erakutsiko du, Jakoba Errekondo ere egongo da hitzaldia ematen, kontzertua egongo da Iñaki Palaciosekin…".
Egitaraua
- 10:00-14:00 Gatzaren eta bertako produktuen azoka plazan.
- 10:00 Mendi irteera: PR-Gi-37 Hiruerreketa. Ezagutu non jaiotzen den Deba Ibaia (Edukiera mugatua). Iraupena: 3 ordu inguru.
- 10:00 Baso bainua: lasaitasunera eta ongizatera eramango zaituen bidaia sentsoriala (Edukiera mugatua) iraupena: 2 ordu eta erdi inguru.
- 10:00 Gazta nola egiten den ikasteko erakustaldia plazan.
- 11:00 Gatzagako gatzarekin gatz xaboiak egiteko tailerra frontoian (Edukiera mugatua, egin erreserba).
- 11:00 Aretxabaletako tomate landare banaketa plazan.
- 11:00 Zurezko plaza jokoak frontoian.
- 11:00 Gatz Museora bisita gidatua euskaraz ( Edukiera mugatua, egin erreserba).
- 11:30 Leintz Gatzaga Herria Ezagutu bisita gidatua (Euskaraz).
- 12:00 Gatz Museora bisita gidatua gazteleraz (Edukiera mugatua, egin erreserba)
- 12:00 Showcookinga frontoian/plazan Anne Otegirekin
- 12:00 Gatzaren pisua asmatu jokoa frontoian/plazan (sari-banaketa 13:30).
- 12:00 Jakoba Errekondoren hitzaldia Liburutegian (Erabilera anitzeko espazioan).
- 12:30 Leintz Gatzaga Herria Ezagutu bisita gidatuan (Gazteleraz).
- 13:00 Kontzertua: musika eta dantza Iñaki Palacios txistulariarekin.
'Bateko Kopa' iturriak 300 urte
Bigarren urtez, Gatz Eguna udaberrian egitea erabaki dute antolatzaileek, izan ere, orain arteko edizioetan urrian egin izan da. "Aurten berritasun edo berezitasun gisa, Gatz Eguna aprobetxatuko dugu gure iturrian ekitaldia egiteko. Ondare garrantzitsuak 300 urte beteko ditu aurten, hau da, 1.725 urteko iturria da, eta, ekitaldia egingo dugu iturriaren bueltan", adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak eta Debagoieneko Mankomunitateko Lehendakariak.
Hain zuzen ere hamabi tutuko iturriaren 300.urteurrenean ekitaldia egingo dute. Bertan bertso bat abestuko dute eta plaka ere jarriko dute.
Aldunditik ere animatu dituzte herritarrak Gatzagara, eta bertara doazenei garraio publikoan egin dezaten eskatu diete. Horretarako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko dituztela azaldu du Azahara Dominguez diputatuak.
Jasangarritasuna oinarri
Gipuzkoako Foru Aldundiak ospakizun hau babesten du turismo jasangarriaren aldeko apustua eginez, tokikoari eta ingurunearekiko errespetuari eta bisitari eta gipuzkoarren
arteko bizikidetzari balioa emanez. Hala Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Foru Diputatuak honakoa azpimarratu du: "Lurraldebus zerbitzua areagotu dugu, eta, animatu nahi ditut gipuzkoar guztiak Gatzaren Eguna disfrutatzera, garraio publikoa erabilita".
Era berean, Leintz Gatzagako alkateak ere adierazi du ez dadila oztopo izan eguraldi ona, eta oinez, bizikletan zein garraio publikoan joateko. Konkretuki, Leintz Gatzagatik 11.30, 13.10 eta 19.10etan ateratzen direnak eta Eskoriatzatik 11.45etan, 13.45etan eta 19.45etan ateratzen direnak", adierazi du Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Jardueretako erreserbak
Gatz Eguneko jardueretarako erreserba egiteko infoturismo@debagoiena.eus helbidera idatzi behar dela edo 943 79 64 63 telefono zenbakira deitu behar dela azpimarratu dute antolatzaileek.