Dorleta Elkorobarrutia: "Agintaldiko egiteko nagusia herria bizirik mantentzea izango da"

Imanol Beloki Unamuno 2024ko mar. 27a, 18:30

Udal jardunaren eta herrigintzaren artean dagoen gertutasuna, erabilera askotariko espazioak izandako harrera eta proiektu berriak, turismo jasangarria eta bestelakoak izan ditu berbagai Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak Harira saioan.

Dorleta Elkorobarrutia Pagoaga (Leintz Gatzaga, 1973) da Leintz Gatzagako alkatea (Hautesle Elkartea), eta haren lehenengo agintaldian buru-belarri sartuta dago. Asteon, Goiena telebistako Harira saioan izan da, eta, bertan aitortu duenez, alkatetzan egokitzapena eginda, lan-taldean poliki-poliki martxan ari dira herriko beharrei aurre egiten.

Talde sendoa errotzen

Zinegotzi izandako garaia gogoan izanda egin zituen lehenengo urratsak Dorleta Elkorobarrutiak Gatzagako Udaleko jardunean, eta, lehen pauso haiek oroituz, Eugenio Otsoa izan du gogoan. "Urte asko dela izan nintzen zinegotzi eta Otsoarekin hasi nintzen administrazioko ibilbide hau. Egia esan, maisu batekin hasi nintzen garai hartan; hala ere, gauzak aldatu egin dira, eta hura ordezkatzeak presioa du. Ardura handia da, eta, konparaziotan aritu gabe, ikasten ari gara, beti egon gara herrigintzan haren alboan, eta herriak ere laguntzen du lan horretan. Hasierako hiruhilekoan ikusten eta ikasten izan gara, eta orain lasaiago hasi gara martxa hartzen". Hautesle Elkartea osatzen dutenak ere izan ditu hizpide: lau emakumezkok eta gizonezko batek osatzen dute; eta horietako bik ezagutzen dute udal jarduna. "Juanito Bengoa, esaterako, aurreko agintalditik mantentzen da. Lotura hori egitea garrantzitsua zela uste genuen; hura da gure artean baserri eremuan bizi den bakarra; aurreko agintaldian basoko kontuak ere hark eramaten zituen, eta ez daukagu hark besteko jakituriarik arlo horretan… Harekin eta gainontzekoekin lantalde polita osatu dugu.

Herrigintza ardatz

Gatzaga moduko herri txiki batean lan egiteko moduaren gainean galdetuta, "herrigintzatik oso gertu dago herri txiki baten lan egiteko modua", dio Gatzagako alkateak, eta honako hau gaineratu du: "Badaude erabaki batzuk Udalean hartu behar direnak, baina, batzuetan, tokatzen da auzolanean aritzea, aurrekontuak onartzea, sasiak garbitzen aritzea, langileekin egotea… Denetik egin behar da".

"Leintz Gatzagan udaleko jarduna herrigintzatik oso gertu dagoela uste dut"

Foru Funtsetik jasoko duten dirua ere inflexio puntu bat izango dela nabarmendu du Gatzagako alkateak. "Ezinbestekoa" herrian gauzak egiteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek adostuta, 1.100 biztanle baino gutxiago dituzten herrien finantzaketa indartzeko. "Indarrean datorren urtetik aurrera sartuko litzateke, eta guretzat aldaketa esanguratsua izango da, ekonomikoki oso garrantzitsua. Gurea moduko herri txiki batean edozein aldaketak eragin handia du, eta obra handiak egiteko arazo handiak izaten ditugu. Oso berri ona izan da".

Inbertsioak, zehaztuta

Aurtengo aurrekontuak onartuta dituztela eta egin nahi dituzten inbertsioak ere zehaztuta dituztela azaldu du. Onartutako aurrekontuetatik 30.000 euro bideratuko dituzte Gaztainuzketa Mendi Etxeetara. "Urteak dituzte mendi etxeek, eta egokitzapen lanak behar dituzte. Zuhaitz batzuk bota ditugu, segurtasuna bermatzeko, teilatu batzuk ere konpondu behar ditugu… Gaizka da bertako zerbitzua eramaten ari dena duela bi urtetik, eta oso gustura gaude harekin. Gertu dago gugandik, esker onekoa da, Interneten izaten dituen balorazioak ere oso onak dira… Negozioa hartu berri, jatetxea jartzea ere ikusten zuen, baina bide horretatik zarata ekarriko luke, aparkamenduan, akaso, aldaketa… eta, erakarri nahi duen jende mota ikusita, lasai egoteko lekua eskaini nahi du…".

Inbertsioekin jarraituz, 25.000 euro San Miguel plaza inguruko etxebizitzak isolatzera bideratu nahi dituztela ere azaldu du. "Plaza inguruko hiru portaletan egin nahi dira lanak, bertako bizilagunek hala erabakita. Udalaren jabetzako lokalak ere baxuan izanda, horiek ere isolatuko ditugu. Inbertsio horrez gain, aparkalekuak ere aztertuko ditugu; gehiago, agian, ez ditugu egingo, baina daudenak egokitu eta herri barruan goialdeko aparkalekuak bereziki markatu eta egoera onean jarri". Horrez gain, herrik zeharkatzen duen harrizko galtzada konpontzeko gogoa dutela ere azaldu du. "Ez dugu bitartekorik, baina herriaren bizkarrezurra da, azpitik doa azpiegitura osoa, eta izugarrizko dirutza da; hasiko gara ate joka. Edozelan ere, agintaldi honetako egiteko nagusia herria bizirik mantentzea izango da".

Erabilera askotariko gela

Eskola izandako espazioan eta Jakioneko bulegoa egon zen espazioan aldaketak egin dituzte, eta Garro jauregiko zerbitzuak eta bestelakoak han eskaini. "Irisgarritasun aldetik egokiagoa da espazio berria; liburutegia, ludoteka zerbitzua, euskara eskolak eta antzerki saioak ematen ditugu. Horrez gain, alboko espazioan herriko taldeak elkartzeko atonduko ditugu gelak. Jakion zegoen espazioan herritarrek eskatutako gimnasioa egitea da asmoa, bestalde. Proiektua marrazten hasi gara; ikusiko dugu noiz egin dezakegun. Garro jauregiari dagokionez, husten joan gara espazioa: ludoteka, liburutegia… genituen han goiko aldean; espazio handia da, berotzeko handiegia, garbitzeko ere bai, eskailerak ditu. Eta espazio berria erosoagoa da. Gero ikusiko dugu Garro jauregian zer egin".

"Turismo jasangarria nahi dugu, horretarako zerbitzu minimo batzuk eskainiz"

Herri turistikoa zaindu beharra

Gaur-gaurkoz Gatzagan 210 pertsona daudela erroldatuta ere azaldu du Elkorobarrutiak, eta, biztanlerian gora eginda, oro har jende gaztea dela azaldu du. Bisitariengan arreta jarri behar dela ere nabarmendu du, haiek zaindu behar direla: "Turismo jasangarria nahi dugu Gatzagan, eta hori aurrera eramateko zerbitzu minimo batzuk eskaini behar dira; horretan eragin behar dugu turismoa hobetu nahi badugu. Gatz Museoan, esaterako, bideo erakargarri bat egin, QRak jarri, panel informatiboak… Lan horretan ari gara, eskaintza hobetu nahian".

Saioa gaur ikusgai

Dorleta Elkorobarrutiari Goiatz Arana kazetariak egindako elkarrizketa osoa gaur, eguaztena, izango da ikusgai Goiena telebistan, 20:15ean eta 22:15ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak