Herria batuta oroitu dute Eugenio Otsoa

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ots. 23a, 20:00

Eugenio Otsoaren urteurren ekitaldia egin dute arratsaldean Leintz Gatzagan. Omenaldiaren barruan Jose Mari Velez de Mendizabal historialariaren hitzaldiak ikusmina piztu du; erabilera askotariko espazioa lepo bete da. Plazan, berriz, Otsoaren argazki erakusketa txiki bat jarri dute, eta, mokadutxoa eta triki-poteoarekin borobildu dute arratsaldea

Urtebete igaro da Eugenio Otsoa hil zela eta lehenengo urteurrenean, ekitaldi xumea egin diote gaur arratsaldean gatzagarrek. Ekitaldia, Jose Mari Velez de Mendizabal historiazaleak, Leintz Gatzaga bere historian izenburupean emandako hitzaldiarekin hasi dute; ikusmin handia piztu du, izan ere, erabilera askotariko espazio txiki gelditu da.

Hitzaldi hau otsailaren hasierarako zuten aurreikusita jubilatuek, baina, gorabehera batzuk medio, patuak gura izan du Gatzagaren historiaren gaineko hitzaldia, urteurren egunean izatea. "Seguru nago Eugenio Otsoak berak, dagoen tokitik, zerbait egin duela hau horrela gertatu dadin. Dena lotu genuenean elkartekoekin batera antolatu genuen ekitaldia. Borobila irten zaigu omenaldia, miraria izan da parean tokatzea" adierazi du Periko Orobengoa ekitaldia antolatzen aritu den kideetako batek.

Velez de Mendizabal berak ere eskertu egin du hitzaldia gaur ematea: "Ni pozik nago atzeratu behar izan dugulako. Uste dut hitzaldia ederki egokitu dela egun honetara. Eugeniok ekarpen ikaragarria egin zion Gatzagari eta nire hitzaldian Gatzagaren historia du izenburuan, eta, nola ez, bera historia horren parte da".

Erakusketa plazan

Ekitaldiaren bigarren zatia herriko plazan frontoiko arkupean egin dute. Otsoa oroitzeko bere argazkiekin osatutako argazki erakusketa txiki bat jarri dute. Ondorek, mokadutxo bat jan eta trikipoteoarekin borobildu dute urteurreneko ekitaldia, herri guztia elkartuz. "Berak nahiko zuen moduan egin dugu. Oso herrikoia zen eta herria batzea nahiko zuen horrelako une baten. Bera zen modukoa oroitu nahi izan dugu" adierazi du Orobengoak.

Frontoian jarri duten erakusketa. Argazkia: Iñigo Barrena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak