Dagoeneko martxan dago erabilera anitzeko espazioa, eta bertan euskarazko klaseak ematen ditu AEK-k eguaztenetan; antzerki taldearen saioak ere izaten dira egubakoitzetan; ludoteka zerbitzua ere eskaintzen da domeketan, eta erabilera nolakoa izango den zehaztea falta den arren, liburutegia ere bertan jarri dute. Horrekin batera, hitzaldiak ere bertan ematen hasi dira.
Irisgarritasuna bermatzea lehentasun
Garro Jauregian zeuden zenbait zerbitzu eskola zegoen eraikinera lekualdatzeko arrazoi nagusia irisgarritasuna bermatzeko izan dela batez ere adierazi du Aiora Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako kultura zinegotziak.
Alboko lokalean, herriko elkartek batzartzeko lokala izango dute, eta baita podologia, fisioterapia eta ile-apaindegi zerbitzua ere
Eskola zen espazioaz gain, alboko lokalean ere beste bi espazio izango dira; Herriko elkarteak batzartzeko eta ekintzak egiteko izango da, eta, beste eremua orain arte udaletxe azpiko gelan eman diren zerbitzuak ere eskaintzea da asmoa.
Herriko elkarteek pozik hartu dute lekualdaketa, batetik, domekero irekitzen duten ludoteka zerbitzua eskaintzeko aproposa dela azalduz, eta, eremua txikiagoa izan arren, erosoago daudela esanez. "Garro Jauregia berotzea asko kostatzen da, eta, eskola zegoen gela egokiagoa dela uste dugu. Ludoteka zerbitzua domeketan izaten dugu, eta, domeka bakoitzean guraso bat arduratzen da gela irekitzeaz… oraingoz gustura gaude", dio Ainhoa Barandiaranek, Gurel Guraso Elkarteko kideak.
Lanak amaituta, hilabete amaieran
Eskola zegoen eremua martxan, alboko lokaleko lanak hilabete honen amaieran amaituta izatea aurreikusten dute. Landa Garapeneko dirulaguntza batetik bideratu nahi dituzte lan horiek, eta inbertsioa 30.000 euro ingurukoa izango dela aurreikusten dute.