566.756 euroko aurrekontua onartu dute Leintz Gatzagan

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ots. 1a, 17:24

Aiora Elkorobarrutia eta Eneka Zankada zinegotziak falta zirela, Dorleta Elkorobarrutiak Leintz Gatzagako alkateak eta Juanito Bengoa eta Idoia Armendariz zinegotziek onartu zuten aurrekontu-proposamena, Gotzon Goikoetxea idazkariaren laguntzarekin.

2024ko aurrekontua onartu dute Gatzagako Hautesle Elkarteko ordezkariek. Inbertsio nagusiez gain, bestelakoak ere izan dituzte berbagai.

Inbertsio nagusiak, zehaztuta

Inbertsioetarako 70.000 euro inguru bideratuko dituzte. "Gaztainuzketako mendi-etxeetara bideratuko dugu diru partida bat –35.000 euro–; etxebizitza baxu batzuetan isolatzaileak jartzera beste partida bat –25.000 euro–. Izan ere, gaur egun, biltegi gisa soilik erabiltzeko moduan daude, eta etorkizunean beste erabilera bat emateko aukera izango genuke horrela. Azkenik, aparkalekuak antolatu nahi ditugu; ez bakarrik aparkaleku berriak egin. Gatzagan gidabaimena duenak autoa du, eta horiek antolatu behar ditugu. Beharra dagoela ikusten badugu eta orografiak zein ekonomiak baimentzen badigu, egingo ditugu", adierazi du Dorleta Elkorobarrutia alkateak.

Etorkizun hurbilean, gimnasioa

Inbertsio horiez gain, esku artean dituzten gainontzeko lanak eta herritarren eskaerak ere izan dituzte hizpide. Horien artean dago gimnasio bat egitea. Oraindik zehaztu gabe, ez dute baztertzen eskolako eraikineko lokal batean egitea. "Gimnasioa egitea dirua da, eta, lortutako dirulaguntzen arabera, inbertsioak modu batekoak edo bestekoak izango dira. Orain, proiektuak ondo landu behar ditugu; ea zer lortzen dugun". Bestetik, herriko harrizko galtzada oso egoera txarrean dagoela azpimarratu du Elkorobarrutiak: "Apurtzen doa, eta, gerora, zailagoa izango da konpontzea. Horri aurre egiterik ez dugu; proiektu bat egin beharra dugu, kostu bat duena, eta ate-joka joan beharko dugu leku guztietara. Lehentasun batzuk herrikoiak dira, beste batzuk beharrak dira, eta, azkenean, gauza berriak egitea ondo dago, baina ditugunak ere zaindu behar ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak