'Kontu kontari': Martzelina Aranburuzabala Uribe

Aitor Agiriano Arrese 2023ko aza. 16a, 19:30

Etxaustegi baserrian jaio zen 1943ko irailaren 26an Martzelina Aranburuzabala Uribe. Beteta dituen 80 urte hauetan, bizia eman dio soloan aritzeak eta sutondoko epeltasunak. Argi du ez duela baserria kaleagatik aldatuko eta lehen sektorearekiko duen pasioa belaunaldi berriei transmititzen jakin izan du. Baserrian goxo aritu da Rosa Urreta Izarekin batera kontu kontari.

Etxaustegi baserriko laugarren belaunaldiko kide bat izan da protagonista Goienako Kontu kontari saioan, Martzelina Aran- buruzabala Uribe (Leintz Gatzaga, 1943); 1943ko irailaren 26an jaio zen, eta beteta dituen 80 urteetan bizia eman dio soloan aritzeak eta sutondoko epeltasunak.

Rosa Urreta Izeta Goienagusiko kidea izan da Aranburuzabalarekin hizketan, eta argi esan dio ez lukeela baserria kaleagaik aldatuko.

Eskola garaia

Bide luzea egiten zuten ume zirenean baserritik eskolara: "Ordu erdiz ibiltzen ginen eskolara joateko; hiru-lau ume joaten ginen auzotik. Goizean  jaitsi, bazkaltzeko igo, ondoren berriz jaitsi, eta 16:30ean eskola amaitzean berriz ere baserrira".

Neskak eta mutilak banatuta ikasten zuten arren, asko izaten ziren ikasgela bakoitzean; izan ere, Etxaustegi baserrikoak azaldu du garai hartan jende "asko" bizi zela Gatzagan: "Hogei bat edo izaten ginen klase bakoitzean; orduan, herritar asko zituen Gatzagak, kanpotik jendea lan bila etortzen zen-eta, eta azkenean kuadrilla galanta egoten zen". 6 eta 14 urte bitartean ikasten ibili ostean, jardunaldi osoz lanean hasi zen Martzelina, gatz fabrikan: "Gatza gizonezkoek egiten zuten, eta emakumeok enpaketatzen aritzen ginen. Hala, zazpi urte aritu nintzen, 21 urte bete nituen arte".

"Jai potenteak"

Andramari jaiak izaten dira Leintz Gatzagako jai nagusiak, eta orduan ere halaxe izaten omen zen: "Familiarrak etortzen ziren herrira, lehengusuak eta guzti; etxea jendez beteta izaten genuen egun osoan zehar". Jai "potenteak" izaten zirela azpimarratu du protagonistak; orkestrak, dantzaldiak eta askotariko musika izaten zela: "Lehengo frontoi zaharrean izaten zen musika".

Eskolan bezala aritzen ziren orduan ere, "neskak eta mutilak banatuta"; eta auzoa "urrun" geratzen zenez festa askotara joaten ez ziren arren, bizpahiru tokitan izaten ziren: "Orduan, Maulandan ere izaten ziren jaiak, eta bertaratzen ginen. Ama Maringoa izanik, auzoko Madalena jaietara ere joaten ginen".

 

Baserriko bizitza

Aranburuzabalak baserriko bizitza kalekoagatik aldatuko ez lukeen arren, urte batzuk bizi izan zituen Arrasaten; izan ere, bertakoa zen Joxe, senarra. Hura Arrasatetik etorri arren, "inor baino baserritarragoa" bihurtu zen: "Oso gustura izaten zen baserrian, eta ezkondu eta gero ere, astebururo igotzen ginen". Urkulu aurretiko garaiaz ari da Martzelina, ura baserritik kalera jaitsi behar zen garaiaz: "Orduan zapatutan ere lan egiten zen, eta lanaren ostean igotzen ginen baserrira; domekan bueltatzen ginen, ura eta guzti hartuta. Ura zen garrantzitsuena".

Desberdina izan zen aldaketa, baserritik kalera; urte batzuk egin nituen, eta ondo moldatu nintzen, baina nahiago dut baserria, ez nuke kalearengatik aldatuko", dio Martzelinak. Gaur egun, baina, ez da "erreza" baserritik bizitzea: "Beharbada, beste moduren batean, soldatarekin edo laguntzarekin, baina ezin liteke bizi baserriak ematen dizunetik, edo oso zaila da". Hala ere, baserriko bizitzak beste "lasaitasun" bat ematen duela aitortzen du protagonistak.

Hasieran, zazpi kide ziren Etxaustegi baserrian, Martzelina bera, anaia, ama eta aita, osaba-izebak eta aitona; eta or- duan ere soldata bat zeukaten etxean: "Oso gaztea nintzen aita hil zenean, 16 urte nituen. Beraz, soldata bat sartzen zen etxean; osabak gatz fabrikan egiten zuen lan, eta beste guztia baserritik ateratzen genuen". Gaur egun, baserriko laugarren belaunaldiak eta ondorengo biek ere bertan dihardute; Martzelinaren alabak eta bilobak.

Auzotarrak familia

Lau etxek osatzen dute auzoa, eta, orain gehienak kanpoan diren arren, 10-17 artean izatera iritsi ziren: "Hemen, auzoan, denok bata besteari laguntzeko egon gara, familia moduko bat izan da". Izan ere, Martzelinak egunero telefonoz aritzen direla aitortu du, "zer moduz dauden jakiteko bada ere". Esaterako, goizero-goizero deitzen diote elkarri Marilu bizilagunak eta Martzelinak, "lagunarteko" kontua omen da hori.

Etorkizuneko belaunaldiak

Baserritik kalera eta kaletik baserrira ibili da Martzelina; alabak eta bilobak haren pausuak jarraitu dituzte, eta orain "oso gustura" daude baserrian. Joxerekin egin bezala, Arrasatetik baserrira igo ditu alabak senarra eta biloba, eta zergatia jakin ez arren erabakia beraiena izan dela aitortu du.

Baserrian bizi ala ez, gaur egungo gazteei ere aholku bat eman die Etxaustegi baserrikoak: "Ikusi eta ikasteko aukera gehiago dituzte, eta aukera horiek aprobetxatu egin behar dituzte. Baina askatasun osoz hartu behar dituzte erabakiak; izan ere, pertsona bakoitzari bere askatasuna eman behar zaio".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak