Gatz kultura sustatzeko eguna

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 20a, 10:11

Domeka honetan, urriaren 22an, Gatz Eguna ospatuko dute Leintz Gatzagan, zazpigarrenez. Edizio honetan ere, plazan izango den produktu ekologikoen azoka izango da erdigunea, eta, hortik abiatuz, orotariko ekintzak antolatu dituzte.

Leintz Gatzagako ondare preziatuari balioa emateko, produktu ekologikoak aintzat hartzeko, basoko paisaia ederra ezagutarazteko, eta beste hainbat ekintza gauzatzeko Gatz Eguna antolatu dute beste urte batez Debagoieneko Mankomunitateak, Gatzagako Udalak eta Debagaraia Landa Garapenerako Elkarteak elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesarekin; aurtengoa, zazpigarren edizioa izango da.

Gatz Egunean ingurumenarekiko errespetua, kultura, tradizioa, gastronomia, hezkuntza, mugikortasun aktiboa, eta aurreko sei edizioetako esperientziatik lortutako esperientzia batu gura dituzte. Hala adierazi zuen astelehenean Aitor Larrañagak, Leintz Gatzagako Gatz Museoko teknikariak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. "Gatz kultura ezkutatuta dugu Gatzagan, eta guri, gatzagarroi dagokigu hori azaleratzea, zabalkundea egitea. Gatz Eguna, beraz, lan horretako puntu bat da, nahiz eta gatz kultura hori gauzatzeko lan ildo ezberdinak ditugun. Hori horrela, dei egiten diegu nahi duten guztiei, domekan, Gatzagara etorri, eta egiten duguna gertutik ezagutzeko eta antolatu ditugun ekintzetan parte hartzeko".

Gatz Eguneko zazpigarren edizioko kartela.

Bertakoaren garrantzia

Leintz Gatzagako gatz kulturaren zabalkundea egiteko zenbait lan-ildo dituzte: "Batetik, museoko jarduera dugu, Gatz Gunean gatz kulturaren historia kontatzen dugu, eta gatz kulturaren didaktizazioa egiteko ardura daukagu. Gatz ekoizpena berreskuratu genuen 2013. urtean, eta gatz hori gaur egun merkatuan dago, jasangarritasun ikuspuntutik; hau da, Gatz Gunean daukagun iturburuko ura han bertan berotzen dugu; herriari eta bailarari bizia emateko. Ez dugu nahi ura hartu eta beste leku batean berotzea. Bestalde, gatzur hori berotzeko bertako egurra erabiltzen dugu, basoa zaintzera behartuz. Gatza ekoizterakoan dugun beste konpromiso bat guztia eskuz egiten dugula da; prozesu guztia eskuz eta bertan egiten dugu, gatzari bere balorea emanez, eta gatz horri gainera ez zaio inongo gehigarririk jartzen".

Basoa ezagutzeko mendi ibilaldi gidatuak izango dira, Gatz Museoko bisitez gain

Azoka ekologikoa, erdigunea

Bi gune izango dira; plaza eta Gatz Museoa. Hala, 10:00etan hasiko da eguna, plazan, Biolur Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak eta ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatutako azokarekin. Bertan, orotariko produktu ekologikoak izango dira, eta plazatik aterako dira egitarauko bi mendi ibilaldi gidatuak ere. "Bailarako Errez kooperatibakoek beste basogintza eredu baten aldeko apustua egiten dute, eta horiek eskainitako mendi ibilaldi gidatua izango da. Gatz kulturak utzitako paisaia erakustea izango da beraien asmoa, bi orduko txangoan. Eñaut Ramila biologoak, berriz, bigarren mendi ibilaldi gidatua eskainiko du. Kasu honetan, Gatzagako mendebaldeko mendietan arituko da; pagadiak erakutsiko ditu, eta paisaia horretan ikusten duena azalduko die mendi ibilaldi gidatura batzen direnei". Bi ibilaldi hauekin batera, Jaboba Errekondok ere ez du hutsik egingo beste urte batez. Azalpenak ematen izango da, eta horrekin batera, lehenengo sektoreari eta landa eremuko bizitzari buruzko zalantzak galdetzeko aukera izango dute interesdunek.

DAP-eko kideek antolatuta, Gorpuztu Gatza izeneko tailerra izango da

Jolasak nagusi

Gaztetxoentzat, berriz, egurrezko jokoak izango dira. Joko jasangarriak izango dira, baso kulturari keinu egiteko asmoz. Sukaldaritza tailerra ere eskainiko du Anne Otegi sukaldari goierritarrak. "Azokako produktuekin menu bat prestatuko dut, ekoizle bakoitzaren nortasuna zein den adieraziz. Gatza oso garrantzitsua da, eta nola erabili ikasi behar da. Gatzarekin nola potentziatu zaporeak eta neurrian nola jarri ikasi behar dugu".

Gainera, Gorpuztu Gatza izeneko saioa izango da Debagoieneko Antzerki Plataformako kideen eskutik. "Gatza sentitu, usaindu, entzun eta dastatzeko bidaia sentsorial batean murgilduko gara tailer honetan. Joko formatuan emango diren ariketa ezberdinen bitartez", adierazi du DAPeko Eider Sanzek.

Gatz bidea eta autobusa

Antolatzaileek adierazi dutenez, herrigunean auto-pilaketak saihesteko, aukera dago oinez edo bizikletaz Gatzagara igotzeko PR-100 bidetik. Hala, Erabili PR-100 Gatz bidea Eskoriatzatik abiatuz eta errespetatu itxiturak, landa-eremua baita lelopean oinez igotzeko eskaera egin dute. Horrez gain, autobus zerbitzu berezia ere izango dela azaldu dute, Aretxabaletatik irtenda –Lehenengoa: 09:30ean Aretxabaletatik irtenda. Azkena: 15:00etan Leintz Gatzagatik irtenda–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak