Milioi erdiko aurrekontua onartu du Leintz Gatzagako udalbatzak

Imanol Beloki Unamuno 2023ko api. 13a, 15:06

Leintz Gatzagako Hautesle Elkarteko kideek onartu dute 2023ko ekitaldirako aurrekontua; Konkretuki 536.766,19 eurokoa da, eta iazko urteko aurrekontuarekin alderatuta %18 txikiagoa.

Gastuei dagokienean, pertsonal gastuetara 179.500 euro bideratuko dituzte; ondasun arruntetan eta zerbitzuetan izango dituzten gastuak 284.600 eurokoak izango dira; transferentzia arruntetan, 48.000 euro; eta inbertsio errealetan, 23.700 euro.

Inbertsioei dagokienez, berriz, handienak bi izango dira: alde batetik, San Migel plazako Udalaren lokaletan komunitate lanen zatirako –5.300 euro– bideratuko dituzte; eta bestetik, Olaun-Dorletako baserrietara ura eramateko 4.000 euro aurreikusi dituzte.

Juanito Bengoa, Gatzagako Mendi zinegotzia honi buruz mintzatu da: "Olaun-Dorleta baserri inguruan ura falta zen eta ura eramateko 4.000 euroko aurrekontua egin dugu. Proba batzuk egin ditugu eta uste dut funtzionatu dezakeela". 

Inbertsio gehiago ere izango dira: Labidean azpiegiturak berritzeko eta Udal eraikinean lanak egiteko, 2.800 eta 2.200 euro pasa aurreikusi dituzte, hurrenez hurren. 2.000 euroko hiru diru partida gorde dituzte jarduera turistikoa indartzeko, Gaztainuzketako turismo sustapenerako eta ordenagailua erosteko. 

Inbertsioak

San Migel Plazako Udalaren lokaletako komunitate lanak egitea

5.300 euro

Olaun-Dorletako baserrietara ura eramatea

4.000 euro

Labidean azpiegiturak berritzea

2.858 euro

Udal eraikinean lanak egitea

2.212 euro

Gaztainuzketan turismoa sustatzea

2.000 euro

Ordenagailua erostea

2.000 euro

Jarduera turistikoa indartzea

2.000 euro

Tresnak eta erremintak erostea

500 euro

Proposamenak garatzen

Bestalde, aurrera begira ere, esku artean beste hainbat proiektu dituztela jakinarazi du Bengoak: "Pilotalekuko teilatua aprobetxatu nahi dugu bertan eguzki plakak jartzeko. Plaka horiek Udaletxeko eraikin guztiak behar duen energia guztia sortuko dute". 

Bukatzeko, Bengoak adierazi du dirulaguntza bat ere iritsi zaiela baserri-bideak konpontzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak