Aretxabaletako beilatokian hartuko ditu familiak Otsoa agurtu gura dituztenak gaur eguaztena, 18:30etik 20:30era, eta bihar, eguena, 10:00etatik 13:00etara. Bihar, hain zuzen ere, Gatzagan egingo dizkiote agur ekitaldiak: 16:30ean, udaletxean izango da. Elburgoko lagunek eta Arrasateko otxoteak kantak eskainiko dituzte, 17:00ak bueltan, eta bertsoak ere izango dira Jose Ramon Beitiaren eskutik. Aurreskua ere dantzatuko da, eta ondoren, alkate soinuarekin elizara bidea hartuko dute. San Millan parrokian egingo dute haren aldeko elizkizuna, 17:30ean.
Autobusak erabiltzeko eskaera
Eguenean, 15:30ean hasita, autobusak izango dira, debalde, lanzadera moduan; Eskoriatzako Aingeru Guarda geltokitik, eta Gatzagatik, Gure Ametsa jatetxeko aparkalekutik abiatuko dira, uneoro. Leintz Gatzagako Udaletik eskatuta jarri da zerbitzua, herrigunean auto pilaketak saihesteko. Hori horrela, autobusak bete ahala, herrira joango dira. Elizkizuna amaitzean, bueltatzeko aukera ere izango dute erabiltzaileek.
Gatzagako Hautesle Elkartean aurkeztuta sei agintalditan izan da alkate Leintz Gatzagan, eta beste batean zinegotzi gisa jardun zuen. Kargua ere utzi behar izan zuen lan kontuengatik, baina, Gatzagako Udalari, eta herriari oso lotuta egon da beti. Pena handiz jaso dute gatzagarrek albistea.
Urte askoz alkate
Eugenio Otsoa arrasatearra zenbait agintalditan jarraian egon zen Gatzagako alkate gisa: 1987-91; 1991-95; 1995-99 eta, ondoren, 1999tik 2003ra. Hala ere, lan-arrazoiengatik, agintaldi horretan (1999tik 2003ra), Joxerra Agirreurretak ordezkatu zuen; 2000 urtean, Poloniara lanera joan zelako. 2003tik 2007ra zinegotzi izan zen, eta 2011tik 2015era alkate berriro; baina berriz ere lan-arrazoiengatik –Mexikora joan zen– Mikel Gonzalez zinegotziak ordezkatu zuen.
Gero, 2015-2019 agintaldian, Eneka Zankada izan zen Gatzagako alkate, nahiz-eta 2018an kargua utzi, eta Juanito Bengoak ordezkatu zuen alkate gisa, agintaldia amaitu arte. Hori bukatzean, 2019-2023ko agintaldirako berriz bueltatu zen Otsoa udaletxera, eta, azken lau urte hauetan bera izan da Gatzagako alkate, nahiz-eta osasun arazoen ondorioz, lan-taldeko kideek ordezkatu behar izan duten zenbait zereginetan.
Hain zuzen ere azken agintaldian taldea osatzeko lanak izan zituzten. Talde berria sortu nahi zuen Otsoak; gazteen gogoa eta indarra helduen esperientziarekin uztartuta.
2019ko maiatzean Gatzagako udalerria izan zen Euskadi osoan hautagaitzarik aurkeztu ez zuen bakarra; hala ere, Eugenio Otsoak berriro Gatzagako alkate izatea erabaki zuten udalbatza osatzen zuten bost zinegotziek [Azken agintaldian, kargua hartu berri].
Goiena telebistako Harira saioan izan zen 2020ko abenduan, agintaldia hasi eta urtebetera; hemen ikusgai hura.
Auzolanerako gertu
Gatzagarrek zenbait lan egiteko auzolanean egin izan dituzte eta Otsoa ere gertu egon izan da halakoetan.
Herrian oso estimatua
Oso maitatua zen herrian; horren adierazle da, iaz, haren urtebetetze egunean, herritar talde bat txistulariek lagunduta, kantu batzuk abestera joan izana etxe aurrera.
Korrikaren alde
Udaleko zereginetan buru-belarri aritzen zen arren, herriko gainontzeko hitzorduetan ere parte hartzen zuen, Korrikaren aldeko ekitaldietan, esaterako. Hala, haren alde dirua batzeko 2018an egindako zozketan Otsoarendako izan ziren angulak.
Aitortza Otsoari
Omenaldi sorpresa egin zioten herritarrek 2015ean, udalbatza berriaren osaketa egunean, alkate gisa egindako urte guztiak eskertzeko. 150 lagun batu ziren bazkaltzeko, eta, Gatzagako, Debagoieneko, Gasteizko, Kataluniako eta Kanarietako lagunak batu ziren bertan. Opari asko jaso zituen; Otsoak berak sarri aipatzen zuen "Gustuko lekuan aldaparik ez" esaldia idatzita zuen txapela jaso zuen opari, Eneka Zankada alkatearen eskutik. Kataluniako lagunek, berriz, Artur Mas Kataluniako Generalitateko lehendakari ohiak dedikatutako liburua oparitu zioten.
Otsoaren eta Pekeñoren irudiarekin buruhandiak
Eugenio Otsoa eta Juan Mari Makazaga Pekeño irudikatzen dituzten buruhandiak ere egin zituzten 2000 urtean, Udalean egindako lanaren aitortza gisa. San Milixan eguneko artisau ferian urtero izaten den Iruñeko artisau batek egindako piezak dira, eta 2014ko jaietako kartelean ikur moduan jarri zituzten Otxoa eta Pekeñoren buruhandiak.
Gaztetatik egon zen Otsoa saltsa askotan sartuta eta halaxe aitortu zuen 1989an Arrasate Press astekarian Estepan Plazaolak eta Jesus Mari Garaik egindako elkarrizketan ere.
Otsoa herritarren gogoan
Hainbat debagoiendarrek izan dituzte gogoan Otsoarekin igarotako uneak. Joxe Aranzabal arrasatearrak, adibidez, 1995eko uztailaren 13ra egin du jauzi, Leintz Gatzagako udaletxean Otsoak ezkondu zituenekora. Josemari Velez de Mendizabal arrasatearrak ere bere bloga baliatu du mezua zabaltzeko, hala nola bere ikasgaiak gogoan izango dituela nabarmenduta.