Sei hilabeteren ostean, gaurkoan egin dute udalbatzaren eraketa Leintz Gatzagan. Ekitaldi labur batean hartu dute kargua udal ordezkariek, herritarren txalo artean: Eugenio Otsoak hartu du zumitza, alkate karguarekin batera, Garazi Orobengoak Ogasuneko zinegotzia kargua, Juanito Bengoak Mendiko zinegotziarena, Beñat Agirreurreta kulturan eta Jon Sasiain Hirigintzan.
Alkatetzan esperientziaduna
1987. urtean lehenengoz alkatetza hartu zuenetik hainbat legealdietan izan du ardura hori Eugenio Otsoak, eta oraingoan ere hala izango da. Hala ere, gazteek herriarekiko hartu duten konpromezua azpimarratu du Otsoak: "Elkarlanean aritu nahi dugu, urteak daramatzagunon esperientzia eta gazteen gogo eta indarra konbinatuz. Garrantzitsua da gazteak gehitzea eta zalantza barik sintoma oso ona da ". Era berean, "herritarren babesa" eskertu du Otsoak eta lanean jarduteko "gogoz" agertu da.
Gazteen garrantzia
"Kontzientzia sozialak" bultzatuta animatu da Garazi Orobengoa legealdi honetan Ogasun zinegotzi kargua hartzea, lehen aldia izango du eta "ilusioz" agertu da: "Herrian zegoen beharrari erantzun emanez animatu gara Beñat eta biok. Herritarrek asko animatu eta baloratu gaituzte. Gainera talde polita eratu dugula uste dut denon artean, lanean indarrez aritzeko".
Berezitasun ugari
250 biztanle baino gutxiago izanik, hauteskunde sistema ezberdina da Leintz Gatzagan eta alderdiari baino, zerrendakideari ematen zaio botoa. Gauzak horrela, azaroaren 1oean herritarrek X batekin markatu behar izan zituzten zerrendakideak. Orduan Garazi Orobengoak jaso zituen boto gehien baino horrek ez du esan nahi, ordea, boto gehien lortu zituen hautetsia alkate izan behar denik. Hala bilera baten bitartez, hautetsi bakoitzaren kargua erabaki eta Eugenio Otsoa alkate izango zela erabaki zen.