Labidea denda-taberna ustiatzen jarraitzeko asmoz

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urt. 12a, 18:39

Bederatzi urte daramatzate lanean Inazio Gabilondok eta Ixidor Salaberrik Labidean. Oinarrizko produktuen dendaz gain, informazio-gunea, taberna, kafetegia eta gatzagarren elkargunea ere bada, eta, gustuko lekuan aldaparik ez dagoenez, jarraitzeko gogoz daude zerbitzuaren arduradunak.

Inazio Gabilondok eta Ixidor Salaberrik Labidea denda ustiatzen jarraitzeko asmoa dute eta nahi hori jakinarazi diote Leintz Gatzagako Udalari. Abenduaren 30ean amaitu zen denda ustiatzeko eskaera berriak aurkezteko epea eta Udalaren erabakiaren zain, bi gatzagarrek bertan segitu nahi dute. Egunero zabaltzen dute establezimendua, eta, denda izateaz gain, Gatzagara bisitan joaten diren bisitarien aterpea ere bada. Pandemiak kinka larrian utzi ditu herriko negozioak, baina Gabilondok eta Salaberrik ez dute amore ematen.

Herriko aterpea

Labidea dendan herrira bisitan joaten direnak jasotzen dituzte. Inazio Gabilondo dendako arduradunetako bat da eta anfitrioi lana egiten dutela dio: "Plazan gaude eta jendea etortzen da museoa hemen den galdezka. Guk beraien kezkak eta zalantzak argitzen ditugu eta herrian zer dagoen esaten diegu". Askok dendan egiten dute lehen geldialdia eta "bertako" produktuak eskaintzen dituztela gaineratu du. Koronabirusaren pandemiak min handia egin dio dendari. Izurritea baino lehen, Soran Etxea hotela zabalik zegoen eta pandemiaren ondorioz itxi egin zen. Jakion enpresa Eskoriatzara lekualdatu zen, eta faktore horiek guztiek Gatzagan zabalik mantentzen den negozio horretan eragin zuzena izan dute. Labidea dendaz gain, Arrate jatetxea soilik dago irekita. Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko "zailtasunak" dituztela aitortu du Gabilondok. Hala ere, dendan lan egiten jarraitu gura du.

Asmoa, aurrera egitea

Aurrerantzean herriaren babesleku izaten jarraituko du dendak eta Gabilondok argi du zein den Labidearen funtzioa: "Behintzat, Gatzagak izan dezan leku bat produktu minimoak erosteko, edateko edo eserita egoteko. Azkenean, pandemia garaian, nora joan ez edukitzea oso tristea izan zen". Ahal den neurrian, gauza berriak egiten joatea gustatuko litzaioke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak