"Pandemia tarteko herritarrok elkartu eta Andramaixetan klasiko bat den herri afari ederraz disfrutatzea da programazioan azpimarratzeko hitzordua, zalantza barik. Izan ere, ez dugu izan aukerarik guztiok batzeko eta une eder batez gozatzeko; beraz, gatzagarrak horretarako gogoz daudela esango nuke. Gainera, auzolanean egiten den afaria da, giro ederra izateaz batera, sekulako menu aparta izaten dugu", adierazi du Beñat Agirreurretak, Leintz Gatzagako Kultura zinegotziak.
Auzolanean eginda
Urteroko ohitura jarraituz, elkarlanean prestatzen dute gatzagarrek afarirako menua. Batzuk sukaldari lanetan aritzen dira eta beste batzuk, aldiz, zerbitzari. Hala, aurten ere modu berean egingo dute irailaren 10ean 21:00etan hasiko den afaria. Menua honako hau izango da: entsalada mistoa, brasan prestatutako txuletatxoak eta saiheskia, eta flana. Azken hau, gainera, Eusebio Villar herritarrak prestatzen duen postrea da, eta ez da lehenengo aldia izango herri afarirako prestatuko duena: "Hainbat urtean prestatu izan dut flana, baina ez beti. Normalean, 150 lagun inguru batzen gara afaltzeko; beraz, kalkuluak egin eta guztientzat iristeko adina flan egiten dut. Hainbat alditan egin izan dudanez, ohitura bihurtu eta asmatzen dut kantitate egokia, gutxi gorabehera. Ea aurten ere ona irteten den", adierazi du Villarrek.
Bertako produktua brasan
Hainbeste lagunentzat afaria prestatzeak, kantitatea ondo neurtzeak eta egindakoa guztien gustukoa irteteak bere zailtasunak ditu, baina brasan aritzen den gatzagar bat Perico Orobengoa da, eta hark argi du nola egin behar diren gauzak: "Bertako harategian erositako produktua erabiltzen dugu, 70 kilo haragi, guztira; produktu bakoitzetik 37 kilo inguru. Guztia prestatzeko 120 kilo ikatz erabiltzen dugu, su indartsua lortzeko asmoz, eta bi ordu lehenago hasten gara brasa egiten. Hamar lagun inguru aritzen gara bertan lanean, eta okela egindakoan, Gatzagako gatza botata, ez dago huts egiterik".