Azaroaren 14an, hileko bigarren domekan, betiko moduan os-patuko dute San Milixan eguna Leintz Gatzagan, eta, urtero bezala, artisau feria izango dute goizetik eguerdira bitartean. Hogeita zazpigarren edizioa izango da, eta hemeretzi postu izango dira; batzuk herriko plazan eta beste batzuk, berriz, pilotaleku barruan jarriko dituzte.
Leku askotariko artisauak izango dira postuetan beraien produktuak saltzen eta erakusten, eta, horiez gain, gatzagarrek ere izango dute protagonismoa azokan, norbanako, elkarte eta eragile gisa. Arropagintza, bitxigintza, saskigintza, serigrafia, larrugintza eta panpinagintza postuak izango dira ikusgai, baita poltsak, erlojuak, gonak, turbanteak eta bestelakoak; kaikuak, garagardoa, gaztak eta abar egiten dituztenak ere bai.
"Urteroko egitarauari jarraituz antolatu dugu hogeita zazpigarren edizioa. Poztekoa da hainbeste artisau batzea San Milixan eguneko azokan. Hala ere, kanpotik etorriko diren artisauez gain, herrikoak ere arituko gara azoka girotzen, taloak eta gaztainak egiten eta sagar-zukua nola egiten den erakusten. Beraz, eguraldia, behintzat, lagun badugu, egun ederra izango dugu, seguru", adierazi du Beñat Agirreurretak, Leintz Gatzagako Udaleko Kultura zinegotziak.
Bertakoen presentzia
Aurten ere ez dute hutsik egingo Sorginak Emakume Elkarteko kideek, eta hain preziatuak izaten diren talo goxoak egiten arituko dira; eta Gurel Guraso Elkarteko kideek, bestalde, gaztaina erreak egingo dituzte. Gainera, herritar talde batek sagar-muztioa egiteko prozesua erakutsiko du. Azken horretan, sagardoa nola egiten ere irakatsiko dute, nahiz eta prozesu osoa ez duten egingo bertan. Dozena erdi herritar arituko dira lan horretan, eta sagar-zukua probatzeko aukera izango da. Erakustaldian aterako duten sagar-zuku hori sagardoa egiteko erabiliko dute gero.
Horrekin batera, hainbat sagar mota jarriko dituzte mahai b-tean, eta, hain zuzen, mota bakoitzaren ezaugarriak jakinaraziko dituzte.
Sagar-zukua, azalpenekin
Juanito Bengoa, herritarra
Ez da lehen aldia sagar-zukuaren prozesuaren erakustaldia egiten dugula. Ziur egon ez arren, esango nuke duela lau urte egin genuela, eta baita aspaldi beste behin ere. Sagarrak birrinduko ditugu, prentsan sartu, estutu, eta zukua aterako dugu, eta probatzeko emango dugu. Ateratako sagar-zukuarekin sagardoa egingo dugu aurrerago.
Artisau gisa estreinaldia
Maitane Axpe, artisaua
Euxki poltsak izenpean azoka baten egoten naizen lehenengo aldia izango da, domeka honetakoa. Guztira, 30 poltsa ezberdin izango ditugu bertan, eta, horiez gain, telak ere eramango ditugu. Hala, nahi duenak horiek aukeratu eta enkarguak egin ahalko ditu. Gainera, koleteroak eta ilerako zapiak ere izango ditugu salgai.
Arrasatetik takarraran
San Milixan egunez, bost edo sei urtez egin duten moduan, taldetxo bat batuko da Arrasatetik Gatzagarainoko 14,5 kilometroko bidea egiteko, takarraran. Ibilbide osoa egin daiteke, edo zati bat soilik. Taldearen erritmoa errespetatu beharko da, eta emakumeen eta gizonezkoen parte-hartzea orekatua izaten saiatuko dira antolatzaileak. Talde osoa batera joango da, eta helburua kirola egitea eta lagun artean ondo pasatzea dela adierazi dute. Hala, Arrasateko Errementari plazarik irtengo dira parte-hartzaileak, domekan, 10:30ean, eta 12:00etan Gorosarri landetxean ura eta fruta hartzeko geldialditxoa egin ostean, Gatzagara iritsi eta postuak ikusi ostean bazkaria egingo dute Toki Eder elkartean.
Arrasatetik Gatzagarainoko bidea egingo dute zenbait lagunek, arineketan
Horren baitan, Leintz Lotzen egitasmoko kideek ere jarriko dute postutxoa sanmilixanetako artisau azokan. Herrian zehar sakabanatuta dauden moduko loreontziak jarriko dituzte salgai, eta ateratako dirua Gatz Bidea konpontzeko erabiliko dute.
Goienakideren bizikleta-postua
Goiena Komunikazio Taldearen Goienakide kanpaina dela-eta, sanmilixanetako azokan postu txiki bat ere izango da, bazkide berriak egiteko asmoz. Herritarren datuak jasotzeaz batera, Errigorako saski bat zozketatuko dute, gainera.