Ate bakoitzaren historia, erretratuetan islatuta

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 17a, 17:59

Juan Luis Zabalak Gatzagako ate eta arkupe guztiei argazkiak atera dizkie banan-banan. Guztira, 69 erretratatu atera ditu, eta guztiak batuz collagea egin du, poster eran, gertukoei opari gisa eskaintzeko. Emaitzarekin "pozik" agertu da bera.

Leintz Gatzagako ate eta arkupe guztiei argazkiak atera dizkie Juan Luis Zabala Mallabi herritarrak, gero, horiek batuz collagea egiteko. Guztira, 69 argazki batu ditu, nahiz eta ateren bat bildumatik kanpo utzi duen. Hala ere, herriko arkupeetatik hasi, eta elementu ezberdinekin josiak dauden herriko etxe zaharren ateetatik, modernoagoak direnera artekoak batu ditu. Argazki-sorta kanposantuaren sarreraren argazkiarekin amaitu du. [Bildumako argazki guztiak hemen].

Gatzagako ate eta arkuen posterra.

Hiru egunez aritu da argazkiak ateratzen, eta, erretratatu nahi zituen ate guztiak gertu egonda, behin baino gehiagotan joan da atari batera edo bestera. Argazki guztiak banan-banan editatzeaz batera, collagea egin du, gertuko lagunei poster gisa oparitzeko. Lan horretarako, Nikon D3500 argazki kamerarekin aritu da; 10-20 mm-ko eta 18-55 mm-ko objektiboekin.

Elementuz betetako ateak

"Leintz Gatzaga Erdi Aroko herria dela esan dezakegu, bertan ditugun arkuetan ateak egon ziren arrastoak ere geratzen dira zenbait kasutan, eta etxebizitzen ateek ere badituzte beraien arkuak, elementu ezberdinak, eguzki-loreak… Hori horrela, denei erretratuak ateratzea pentsatu nuen, eta gero, guztiei tamaina jaitsi, collage moduan batzeko eta poster bat egiteko. Emaitzarekin gustura geratu naiz, eta oparia egin diedan apurrek ere gustu handiz hartu dutela esango nuke…", adierazi du Juan Luis Zabalak.

Gatzagako arku eta ate esanguratsu batzuk.

Aztarnen historiak bultzatuta

Argazki sortan bilakaera bat ikusten da, eta, Zabalak dioen moduan, ate eta arku guztien atzean istorio handi bat dago: "Ate bakoitzaren atzean unibertso bat dago, eta istorio asko batzen dituzten sentsazioa sorrarazten dute hainbat erretratuk. Horretan ez naiz murgildu, baina, argazki bakoitza aztertuz gero, sentsazio ezberdinak sor daitezke, hori islatzen dute".

Posterra jasotzeko aukera

Poster gutxi batzuk inprimatu dituen arren, herritarren batek nahiko balu, berarekin harremanetan jarri besterik ez duela adierazi du Gatzagako ate eta arkuen bildumaren egileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak