Juanito Bengoa: "Estu eta larri ibili gara zerrenda osatzeko"

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 18a, 14:15

Azaroaren 17an egingo dituzte udal hauteskundeak Leintz Gatzagan, eta, azken orduan bada ere, zerrenda osatzea lortu du Leintz Gatzagako Hautesle Elkarteak: gaur-gaurkoz, haiena da hauteskundeetarako aurkeztu den zerrenda bakarra.

Hauxe da zerrenda: Eugenio Otsoa, Juanito Bengoa, Jon Sasiain, Beñat Agirreurreta eta Garazi Orobengoa. Astelehena zen zerrenda aurkezteko azken eguna –20:00–, eta Leintz Gatzagako Hautesle Elkarteak azkenengo momentuan lortu du taldea osatzea. "Estu eta larri ibili gara. Domekan 22:00etan lortu genuen zerrenda osatzea", adierazi du Juanito Bengoak, egungo alkateak.

Oraingoz, behintzat, ez da beste zerrendarik aurkeztu. "Egon zen zurrumurruren bat, baina gauza garbirik ez da egon. Oraindik aurkeztu daiteke beste zerrendaren bat, baina, gu aurkeztuta, oso-oso arraroa izango litzateke guk ez irabaztea".

Zerrenda osatuta daukaten arren, oraindik ez dakite bakoitzak ze kargu hartuko duen udal hauteskundeen ostean. Hurrengo eguenean, hilaren 24an, bilera egitekoak dira, eta orduan erabakiko dute. "Gure artean apur bat berba egin dugu, eta gutxi gorabeherako bat badaukagu, baina oraindik ez dugu guztiz garbi".

Zerrenda osatzeko arazoak

Ministroen Kontseiluak errege dekretu bidez onartuta, azaroaren 17an egingo dituzte udal hauteskundeak Gatzagan. Hain zuzen ere, maiatzaren 26an hautagairik izan ez zuten herrietan eman beharko dute botoa egun horretan. Maiatzerako ez zuten zerrenda osatzerik lortu, eta orain ere arazo handiak izan dituzte horretarako. "Herri mailan bi deialdi egin ditugu, eta ikusten zen ez zela ezer irteten. Jendea gerturatzen zen, baina begirale moduan bakarrik, ikusi eta entzutera. Deialdiez gain, herritarrekin aurrez aurre berba egiten ibili gara, eta modu horretan lortu dugu, azkenean, zerrenda osatzea", dio Bengoak.

Egungo alkateak azpimarratu du herritarrek ez dutela horrelako konpromisorik gura. "Jende asko zegoen garbi zeukana ez zuela parte hartu behar honetan. Beste batzuek, aldiz, ez zuten ezezkorik esaten, baina baiezkorik ere ez. Beraz, esperantza bageneukan azken orduan baiezkoa emango zigutela horietako batzuek. Hala ere, jendeak ez du konpromiso hori nahi, kosta egiten da. Hemen ez dago borrokarik kargu horiek hartzeko; alderantziz, beste batek hartzen badu, hobeto".

Gazteentzat, esperientzia berria

Otsoa, Bengoa eta Sasiain nahiko seguruak ziren, eta biren faltan zeuden zerrenda osatzeko. "Nik neuk ere ez neukan jarraitzeko asmorik, baina, ikusita jendea ez zela mugitzen, ni ere animatu nintzen. Azken orduan, gauza oso estu zegoela ikusi zenean, Beñat eta Garazi animatu egin dira", dio alkateak.

Lehenengo hirurek badute esperientzia Udalean, baina bi gazteentzat gauza berria izango da. "Herrian behar bat zegoela ikusita, eta nire kontzientzia sozialak bultzatuta, baiezkoa ematea erabaki nuen. Hasieran, errespetua eman zidan. 24 urte ditut, lanean oraintxe hasi naiz, eta ez dakit lotura hau zenbaterainokoa izango den. Hala ere, gauza berriak egiteko gogoz nago", dio Agirreurretak.

Orobengoak ere onartu du "beldur puntu bat" baduela, sekula ez duelako halako kargu bat izan. Hala ere, gogoz dago. "Herrian beharra zegoela sentitu nuen, eta animatu egin naiz. Sentsazioa daukat asko ikasiko dudala lau urte hauetan. Trankil hartu eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak