Gatzaren Egun goxoa

Julen Iriondo 2019ko urr. 13a, 17:06

Eguraldi epela lagun, jende asko ibili da goizean Leintz Gatzagan. Bi gune izan ditu Gatzaren Egunak, eta biak izan dira arrakastatsu; bai museo ingurukoa, ezagutzarekin lotua, eta baita plazakoa ere, gatz produktu, produktu ekologiko eta artisau lanen salmentara bideratua.

Jende asko plazan, postuetan begira, eta ez begira bakarrik, baita erosten ere, saltzaileek aitortu dutenez. Azoka ona izan dela adierazi dute. Gatzarekin lotutakoetan, Mendaroko txokolatea, Leintz Gatzagako gatza daramana, produktu salduena –gatza, bere horretan, ere, asko saldu da–; barazkien artean, tomatea errege.

Plaza erdian, egurrezko jolasetan aritzeko aukera neska-mutikoek... eta nagusiagoek. Edateko, sagar zukua, plazan bertan egina –prozesua ikusteko aukera izan du jendeak–; eta jateko, hanburgesak, Gurel guraso elkartearen eskutik, eta taloak, Sorginak elkartekoek eginda –hauek, frontoian–.

 

Museoan, berriz, bisita gidatuak egin dituzte, batetik, eta jende asko ibili da. Aurtengo nobedadea, baina, Jakoba Errekondorekin eta EHUko geologoekin egindako mendi osteratxoa izan da, eta harrera bikaina izan du horrek ere. Errekondok gatzaren jarduerarekin lotuta lurrazalean sortutako paisaia kulturala izan du hizpide; geologoek, berriz, lurrazpikoari buruz jardun dute.

Gainera, eguna Leintz Gatzagako gatzarekin lotutako ikerketa abiarazteko aprobetxatu dute EHUko adituek. Mendi buleta bukatuta, museo ondoko galerian barneratu dira gatzur  iturbururaino iristeko. Bost iturburuetatik laginak hartu dituzte han, ondoren aztertzeko.

Iñaki Antiguedad hidro-geologoa zen lantaldeko kideetako bat: "Ur barik ez dago gatza lurpetik ateratzerik. Gure kezka da ur hori nondik datorren, nola hartzen duen gatza, zergatik... dena dago ezagutzeko", zioen.

Lurrean, iturburutik barruragokoa, erabat ezezaguna dela zioen Antiguedadek: "Laginak hartuko ditugu, eta aztertu, eta datorren urteko Gatzaren Egunean gauza gehiago izango ditugu esateko. Iturburutik barrurako informazioa nahi dugu, bestela dena da hipotesia, eta ikerlariok ebidentziak behar ditugu". Hidro-geologoak zioen ikerketa garrantzitsua dela, "gauzak ezagutza gehiagoz egin ahal izateko gerora begira".

Herriko Landa Garapen teknikari Aitor Larrañagak zioen garrantzitsua dela informazio gehiago izatea euren helburuarekin, "gatzaren kultura zabaltzea", jarraitzeko.

 

Erlazionatuak

Gatzaren Eguneko argazkiak

Julen Iriondo 2019 urr 13 Leintz Gatzaga

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak