Produkzioa handitzeko eta turismoa erakartzeko, berrikuntzak museoan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko eka. 13a, 16:51

Libe Ramilak eta Jon Errastik hartu dute Gatz Museoko lanen ardura. Gatza produzitzeko eremu berrira tresneria eta makineria eramaten duten bezain pronto, han hasiko dira gatza ekoizten, eta urtea amaitu aurretik, berriz, harrera Santa Columba ermitara bideratu nahi dute.

"Eremu berrian, gatza produzitu eta botiletan sartuko dugu. Hala ere, momentu honetan, eraikin zaharrean produzitzen dugu eta eremu berrian botiletan sartu. Asmoa da aurrera begira dena eremu berrian egitea", adierazi du Jon Errastik.

Gatz museoko arduradun berriak, eremu egokituaren aurrean.

Aldaketak produkzioan

Berrikuntza hauekin, gatz gehiago produzitu ahalko dute, eta hori dela asmoa adierazi du Errastik: "Bailarara eta bailaratik kanpora hedatu nahi dugu ekoizpena. Dorla kopuru bera mantenduko dugu; hala ere, instalazio berrietan jarritako lehortegi berriarekin gatz gehiago produzitzeko aukera izango dugu. Ura berotzeko sistemak orain arte gasaren bidez funtzionatu du, eta etorkizunean biomasazko galdara bat jarriko da. Hasiera batean, bi dorlarekin hasiko gara, baina sei jartzeko egokituta dago". Honekin batera, Gatz Museoko denda eta harrera Santa Columba ermitan joango dela gaineratu dute arduradunek. Espero dute urte bukaerarako izatea lanak eginda.

Santa Columba ermita.

Aldaketak bisitetan

Libe Ramilak adierazi du ekainean ordutegi berarekin jarraituko dutela, baina uztailean eta abuztuan, 11:30ean euskaraz eta 13:00etan gazteleraz izango direla bisita orduak. "Aurreko langile eta teknikariekin hitz eginda, bisita ordua aldatzea erabaki dugu. Batzuei, agur esan, eta beste batzuei ongi-etorria egiteko justotxo aritzen ziren denboraz, beraz, 11:30etan euskarazko bisita jarri dugu, eta 13:00etan gaztelerazkoa". Horrekin batera, turismoa sustatzeko, familientzako esperientzien gaineko egitasmoa eraman nahi dute aurrera: "Gaur egun esperientziak modan daude turismo alorrean. Hala, udara begira, gatz-egile egun batez familientzako esperientzia egitea pentsatu dugu. Gatza bertan egiten dugu, eta bisitariekin egin nahiko genuke prozesu osoa, bisitaz batera. Eta ostean, tailer bat egin: gazteak ginenean  gatza margotzen genuen… eta gaur egun uste dugu ez direla hainbeste horrelakoak egiten, beraz, halako esperientzia baten aldeko apustua egingo dugu uztailera begira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak