Domekan, eguerdiko hamabietan hasita, urtero hutsik egiten ez duten herri kirolak izango dituzte ikusgai gatzagarrek eta bertaratzen diren guztiek. Aurten ere, iaz moduan, kirolari mistoen aldeko apustua egin dute, eta hauek izango dira erakustaldia egingo dutenak: aizkoran, Irati Astondoa eta Fausto Mugerza arituko dira eta harria jasotzen, berriz, Joseba eta Joana Ostolaza aita-alabak. Zeanuriko eta Mutrikuko aizkolariek hainbat enbor ebakiko dituzte, ikusleen gozamenerako, eta Orioko aita-alabek hainbat jasoaldi egingo dituzte harri ezberdinekin. Agustin Arruti harri-jasotzaileak jardungo du hizlari, giroa jartze aldera, eta gatzagarrek ez dute hutsik egingo; izan ere, aurreko urteetan ere ikuslez bete izan da herriko plaza.
Emakumeen presentzia, gora
Bola-jokoa ere ez da faltako, urtero moduan, Leintz Gatzagan. Egubakoitzean gaueko hamaiketan hasiko dira euren abilezia erakutsi nahi dutenak jokoan, eta sari ederrak izango dira, gainera. Aurten, emakumeen parte-hartzea sustatu nahi izan dute antolatzaileek, eta herriko hainbat emakumek bola-joko saioak eskatu dituzte, txapelketa aurretik praktikatzeko. Hain zuzen ere, honela adierazi du Juanito Bengoa alkateak: "Aspaldiko ohitura dugu bolo txapelketa Leintz Gatzagan. Astean, haurrekin batera aritu gara pixka bat irakasten, eta jolasten, eta baita txapelketara animatuko diren emakume batzuekin ere. Hori horrela, beste urte batzuetan moduan, 30 gizonezko inguru izango direla aurreikusten dugu, eta emakumezkoei dagokienez, berriz, zazpik edo zortzik esan digute parte hartu nahi dutela. Ea hamarrera iristen garen. Hori horrela, saio arrakastatsua izatea gura dugu, eta zorterik onena eman parte hartzen duten guztiei".