"Deika eta deika ibili ginen ea Ertzainek edo besteren batzuk etortzerik zeukaten, hemen zerbait egin zezaten. Izan ere, hemen familiak geneuzkan bazkaltzen, jende nagusiarekin. Azkenean batzuk euren etxetara joan ziren gurpilendako kateen bila eta poliki-poliki jaistea lortu zuten hainbat bidaia eginda. Hemen, azkenean, gelditu ziren bosteko familia bat eta zortziko beste bat. Bostekoa gaueko 22:00etan, dagoeneko argia ere joanda zegoenean, bizilagun batek, gure lagun batek, Patrol batekin jaitsi zuen, pertsona nagusi bat zegoelako. Eta besteak, bi umetxorekin, Gasteizen bizi direnak, lotan gelditu behar izan ziren". Horixe adierazi du Soran Etxeko arduradun Montse Valeriok.
Iluntzean, argi barik gelditu ziren herrian, eta horrek ere gauzak zaildu zituen. Hauxe azaldu du Valeriok: "Ez geneukan argirik, eta ondorioz, ezta berogailurik ere. Sukaldean ere ezin genuen ezer prestatu, argi barik ez dutelako suek funtzionatzen. Eta horrez gain, alaba igogailuan ezin irten gelditu zen".
Herritarrek ere ez zuten espero horrelako nahastea sortuko zenik, kontakizun hau egin du herritar batek:
"Gauza zaildu egin zen; eguerdiko 14:30ak-15:00ak inguruan hasi zen elurra egiten, ordubete edo bi orduren bueltan dagoeneko inkomunikatuta gelditu ginen; elurra kentzeko makina uste dut ez zela momenturen batean ere pasatu… Eta apur bat kaosa izan zen; jendeak irtetea nahi izan zuen, ezin izan zuten, semaforoan gelditu ziren autoak gurutzatuta zeudelako, elurra kentzeko makina ez zen pasa gauerdira arte edo hurrengo eguneko goizaldera arte..."
Beste herritarren batek kotxea Maulanda auzoan utzi behar izan zuen, eta oinez igo behar izan zen Leintz Gatzagaraino, esaterako.