Leintz Gatzagako Luis Ezeiza eskolako gela desplazatua, ixteko arriskuan

Eneko Azurmendi 2016ko eka. 9a, 14:57

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegazioak dio ez dela bideragarria Eskoriatzako eskolako irakasle bat bertara bideratzea, hain ikasle gutxi egonda.

1972. Urtean Leintz Gatzagako Eskola Unitarioa itxi zen, herriaren gainbehera demografikoaren ondorioz. 1998an, Gurel gurasoen elkartea eskola berriro irekitzeko ahaleginetan hasi zen eta, hainbat aukera aztertu ostean, Eskoriatzako Luis Ezeiza eskolako gela desplazatu bat izatea lortu zuten.

Gaur egun, bi eta bost urte bitarteko sei ume daude bertan. Hala ere, ixteko arriskuan dago. Eskoriatzako eskolan matrikulazioak jaitsi direla eta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Delegazioak dio ez dela bideragarria Gatzagako gela desplazatuak irakasle bat izatea. "Duela urtebete, delegaziotik esan ziguten gure eskola propioa ez zigutela emango, baina gela desplazatu hau mantentzeko eta hobetzeko ahaleginak egingo zituztela. Orain, berriz, daukaguna itxi egin behar dela esan digute. Beraz, eskola barik geldituko da herria, ez eskola txiki propiorik, ezta gela desplazaturik ere", nabarmendu du Saioa Urrutia gurasoetako batek. 

Hala ere, Gurel gurasoen elkarteak ez du amore eman nahi eta Hezkuntza Delegazioarekin hitzartuko da datorren astean, gela desplazatua gatzagan mantentzeko asmoarekin. "Gure asmoa eurekin batzea da. Izan ere, ez dugu ulertzen jarrera aldaketa hau eta itxiera honek herriari kalte handia eragiten dio", azaldu du Aitziber Gorosabel guraso elkarteko kideak.

Negoziazio horiek aurrera doazen bitartean, Gorosabelek nabarmendu du sinadura bilketa jarriko dituztela abian, eta zenbait elkarte, erakunde eta sindikaturen atxikimenduak bilatuko dituztela egoera honi aurre egiteko. "Hainbat lekutan edukiko ditugu sinatzeko paperak eta  internet bidez sinatzeko aukera ere jarriko dugu", adierazi du Gorosabelek.

Aldarrikapena, asteburuan

Gainera, asteburuko Puntaik Punta jaialdia ere aprobetxatuko dute, bailara osoari euren egoeraz jakinarazteko eta herrian eskola bat nahi dutela aldarrikatzeko. "Bakoitzak bere herriko informazioaren berri edukitzen duela uste dut. Jende asko egongo da jakin barik Gatzagan badaukagula gela desplazatu hau eta bertan herriko zenbait ume daudela. Horregatik, aukera egokia dugu asteburu hinetan bailara osoak gure egoeraren berri izan dezan", onartu du guraso elkarteko kideak.

Galera handia

Biek, bai Urrutiak eta baita Gorosabelek ere, bat egiten dute herriarendako izugarrizko galera izango litzatekeela eskola gabe gelditzea. "Alde batetik, herrian hazteak garrantzi handia dauka haurrendako. Bestetik, guretzako are garrantzitsuagoa da umeak herrian gelditzea. Plaza bat ume barik egoteak ez du zentzu handirik herri batean, eta goizeko lehenengo ordutik arratsaldera arte herrian umerik ez egotea ez da batere zentzuzkoa", azaldu du  Gorosabelek.

Urrutiak, bere aldetik, azpimarratu du bi urtetik goragoko umetxoak egunero joan beharko direla Eskoriatzara autobusean. "Egoera horren aurrean, herriak planto egiten du", dio.

Esan bezala, datorren astean bilduko da Gurel Hezkuntza Delegazioarekin eta ikusiko da zer pausu ematen diren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak