Urriaren 17tik abenduaren 8ra bitartean egingo dituzten jardunaldi gastronomikoak gatzaren bueltan antolatu dituzte, eta gatza ekoizten den paraje dotorean elkartu dira antolatzaileak horren berri emateko: "Zaporez betetako proposamenen bidez Debagoiena ezagutzeko aukera dago beste behin", jakinarazi dute.
Sei jatetxe Debagoienean
Hala, eskaini dituzte menu bereziak garaiko eta bertako produktuekin, bisita gidatuak ekoizpen guneetara eta museoetara, azokak eta beste ekintza mordoa. Debagoieneko sei jatetxek hartuko dute parte jardunaldiotan; hona: Arrasateko Hilarion eta Santa Ana; Bergarako Lasa; Elgetako Maialde hotela; eta Oñatiko Etxe-Aundi eta Goiko Benta. Eta menuetan garaiko eta bertako produktuak erabiliko dituzte beste behin: onddoak, bakailaoa, sagarra, intxaurrak eta gaztainak. Eta Gatzagako gatza dastatzeko aukera ere izango da. Menuok, gainera, prezio bereziak izango dituzte.
Postre lehiaketa
Aurten, gainera, lehenengoz postre lehiaketa antolatu dute. Azaroaren 21ean egingo dute, baina izena aurrez eman behar da eta 30 lagunendako dago lekua; azken eguna azaroaren 16a. Postreak, gutxienez honako osagairen bat izan beharko du: bertako urrak, intxaurrak, gaztainak edo sagarrak. Lehiaketa antolatuko da hileko hirugarren zapatuan egiten den azoka barruan.
Bestetik, Elgetan, urtero legez, pintxo lehiaketa egingo dute. Azaroaren 8an izango da eta lehiaketako pintxoak azaroan jatetxeetan eskainiko dituzte euro baten truke.
Sukaldaritza tailerra Otalora dorretxean
Sukaldaritza tailerra ere egingo dute Ausolanen eskutik, beste behin. Azaroaren 24an, martitzena, izango da eta udazkeneko postreak egiten irakatsiko diete Aretxabaletako Otalora dorretxean. Aurretik, baina, dorretxearen bisita gidatua egingo die Mikel Lezamizek. Parte hartzeko aurrez izena eman beharra dago.
Horrez gain, bisita gidatuak ere egin daitezke aurrez eskatuta. Honako hiru hauek, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren plangintza barruan top esperientzia izendatu dituzte: Oñatiko Txokolateixia; Leintz Gatzagako gatz museoa; eta Oñatiko Gomiztegi baserria, euskal artzainen ibilbideak ezagutzeko.
Gainera, Antzuolako Lapatza baserria (nekazaritza ekologikoa) eta Aretxabaletako Mendibitzu baserria (okela ekologikoa) ezagutzera ere joan daiteke.