Nola aurkeztuko zenuke zure burua?
Beharbada besteren batek esan beharko luke zelakoa naizen… Tira; nire ustez, Euskal Herrian, emakumeak, etxetik kanpo lan egiten badu, ardura asko dauzka: etxea, lana, umeak, ikasketak… Ni beti ikasten nago, ardura arlo asko ditugu emakumeok, eta Udala beste arlo bat izango da. Esan behar dut talde bat garela, ni joan arren alkategai gisa.
Zer eskain diezaiokezu Leintz Gatzagari?
Ez daukagu alderdi politikoek izaten dutena, programa bat, alegia. Orain arte eman duguna jarraituko dugu ematen. Debagoienean dago Gatzaga baina oso desberdinak gara; gure funtzionamendua da zuk daukazuna besteari ematea, eta besteak emango dizu zuk ez daukazuna. Familia handi bat gara.
Nolako taldea da, bada?
Gure taldean gazteak gara, gehienok umeak ditugu eta balio horiek transmititu gura dizkiegu umeei. Gure artean berba egin genuen eta oso garbi geratu zen talde gisa egingo genuela lan; denok denetarik egingo genuela. Erreleboka lan egingo dugu.
Alkategai izango zinela esan zenuenean zer esan zizuten ingurukoek?
Lehenengo, sorpresaz hartu zuten. Gero, esan zidaten beti sartzen naizela saltsa guztietan…Erizain diplomatura ikasketak egin nituen lehenengo umeak 2 urte zituenean. Ikasten jarraitzen dut gaur egun ere. Bi ume ditut, lana daukat, eskolak ematen ditut noizean behin…
Ez dirudizu estresatuta, ordea.
Ez. Bizi naizen moduan bizi izatea gustatzen zait. Ez nabil estresatuta. Zure lana gustura egiten baduzu ez zara estresatuko. Ez nau inork lan honetara behartzen eta gustura nabil.
Gatzagarrek zer diote, badituzue eskaera batzuk?
Eskerrak eman dizkigute; oraingoz, ez dugu eskaerarik. Gehienak, emakumeak batez ere, pozik daude. Azken hauteskundeetan, emakumeen kopurua txikitu egin da asko. Ez dago berdintasunik. Egia esan, emakumeok pixka bat desberdin pentsatzen dugu.
Aholkuak eman edo hartu egiten dituzu?
Aholku emailea ez naiz; arloaren arabera, baina ez. Momentu txarra pasa duten ezagunak dauzkat, eta ze aholku eman diezaieket ni ez banaiz egoera horretatik pasatu? Babesa eman dezaket, baina aholkuak, ez. Aldiz, nik onartzen ditut aholkuak. Batzuetan ez duzu zure barrutitik kanpo ikusten eta beste ikuspuntu bat jasotzea inportantea da.
Denbora librean zer egiten duzu gustura?
Batzuetan, aste bukaeretan lan egiten dut, baina jai daukadanean lagunekin, umeekin, senarrarekin… egotea gustatzen zait. Mendira bueltatxo bat ematen dugu, irten egiten gara… Bidaiak gustatzen zaizkit, autokarabana dugu eta horretan ibiltzen gara. Normalean, beste herri txiki batzuk ikustera joaten gara, han gauzak nola egiten dituzten ezagutzera. Harremanak gustatzen zaizkit, pertsona soziala naiz.
Egunkariak, irratia, telebista… zein duzu gustukoen?
Gehien irratia entzuten dut. Lanera joaten naizenean Internetetik entzuten dut irratia.
Gaztelaniaz zelan moldatzen zara?
Nire familia Gasteizen bizi da eta dena gaztelaniaz egiten dute; baina Debako amamarekin beti euskaraz egin izan dut.
Twitter, Facebook… erabiltzen dituzu?
Bai, ibiltzen naiz. 17 urteko gaztetxoa dugu etxean eta ez dago besterik, horietan ibili egin behar duzu.
Opariren bat egitekotan, zer?
Pertsonaren araberakoa da. Beharbada, norbaitek beharra dauka bikotekidearekin egoteko; orduan, neu haren seme-alabetaz arduratzea izan daiteke pertsona horrendako opari eder bat.