1989ko urtarrilaren 15ean sortu zuten Gatzagako erretiratuen elkartea, Toki Eder. Bost gizonezkok osatu zuten lehenengo zuzendaritza batzordea eta Jose Sasiain presidente izendatu aho batez. Guztira hamalau bazkide zituen elkarteak sortu zenean, lehenengo aktan jasotako moduan. Eta horietatik lauk oraindik elkartean jarraitzen dute.
Era apalean bada ere urteurrena ospatu gura izan dute, eta Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen elkarteko presidente Jose Riviere gonbidatu zuten ekitaldira. Lazaro Barandiaran presidenteak jaso zuen Rivierek emandako oroigarira. Eta hasieratik elkartean dauden lau bazkideak omendu zituzten gero. Teodoro eta Marcelina Plazaola anai-arrebak; Matilde Arrese; eta Antonio Alvarez.
Zuzendaritza batzorde berria
Santiago kalean du egoitza Toki Ederrek. Gaur egun 19 bazkide ditu, eta oraintsu zuzendaritza batzordea berritu dute. Lazaro Barandiaran presidentearekin batera daude: Maritxu Plazaola, presidente ordea; Eugenio Abasolo, diruzaina; Juan Mari Makazaga idazkaria eta Beni Altuna.
Elkarte txikia da Gatzagakoa, baina ez dira geldi egotekoak. Bidaia bi egiten dituzte urtean: udaberrian kostaldera, Hondarribia aldean ibili dira aurten, eta udazkenean, Errioxara edo Nafarroara. Irailean, bazkari bat egiten dute, eta Gabon inguruan karta jokoan jardun eta meriendatxoa egin.
Hemeretzi bazkide bakarrik izanda zuzendaritza berritzea ez da samurra. Juan Mari Makazaga bera 14 urtean egon zen orain dela urte batzuk, eta berriro sartu behar izan du. Hala ere, poliki-poliki erretiratzen doazen hainbat daudela herrian jakinarazi du eta horiek laster elkartean izatea espero du.