Aitor Zabaleta eta Aitor Ramirez onenak Arlabanen

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko uzt. 5a, 21:52
Nogueiras oñatiarra, bigarren txandan gora.

Ibilbide azkar eta teknikoa duen Arlabango igoera ezusteko gutxikoa izan da; golpe gabeko eta matxura gutxiko igoera izan da. Iaz bezala, podiumeko monoplazen lehen postua Aitor Zabaleta bergararrak lortu du 3:04.751 minutu eginda, eta turismoetan, berriz, Aitor Ramirez oñatiarra izan da azkarrena 3:26.053 minutu eginda. 43 parte-hartzaile egon dira eta lauk utzi behar izan dute lasterketa. [ARGAZKIAK]

Zabaleta "pozik" zegoen lasterketa bukatu eta gero. Lehenengo txandan denbora ona egin ostean, bigarrenean bateriaren pieza bat puskatu eta ezin izan du autoa martxan jarri. Beste bateria bat jarri dio, baina kale egin dio autoak. Hala ere, lehen txandan egindako denbora onak bere saria eman dio. Lola BMW autoarekin lehiatu da, beti bezala; 2.500 zentimetro kubiko, lau zilindro, 400 zaldi eskas eta piloto gabe 650 kilo dituen autoarekin, hain zuzen.

Ramirez ere "gustura" zegoen egindakoarekin. Azken lau lasterketetan arazoak izan ditu autoarekin, baina Arlabangoan ez du arazorik izan eta bere helburuak beteta itzuli zen etxera. BMW 320 ST autoarekin lehiatu da; lau zilindrotako eta 2.000 zentimetro kubikotako motorra duen auto azkar baina konplikatuarekin, hain justu.

Monoplazetako onenak

Monoplazetan, Balmasedako Joseba Iraolak lortu du bigarren postua Demoncar autoarekin eta Oñatiko Ruben Nogueiras hirugarren gelditu da Silver Car S2arekin.

Turismoetako onenak

Turismoetan, berriz, bigarren denbora onena egin du Markel Zestafe bergararrak Mitsubishi Lancer Evo VI autoarekin, eta hirugarren postua Iurretako Jose Ignacio Erdoizak eskuratu du 33 urte dituen Renault 5 Tour de Corse autoarekin.

Emakumeetan, Monica Muñoz azkarrena

Emakumeei dagokienez, bik hartu dute parte eta Monica Muñoz oñatiarra izan da azkarrena 3:55.949 minutu eginda. Citroen ZX 16v autoarekin lehiatu da. Parte hartu duen bigarren neska Sarai Vega izan da baina bere lehen urtea da lasterketetan lehiatzen dena eta denbora dezente atera dio oñatiarrak.

Antolatzaileak "pozik"

Ibilbidea iazkoa baino luzeagoa izan da aurten, guztira 6.360 kilometro izan ditu, eta antolatzaileak "pozik" daude. "Urte guztian zehar lan egiten dugu igoera antolatzeko eta guztia oso ondo irten da", esan du antolatzaile taldeko Ander Corcuerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak