Arrasatek eskerrak eman dizkie bere kirolariei, ekitaldi xume baina hunkigarrian

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 4a, 19:04
Talde argazkia atera dute kirolariek eta udal ordezkariek.

Herriko kirolariei omenaldi polit eta bihotzekoa egin die Arrasateko herriak. Atletiko Arrastaeko atletismo taldea, Dragoi gimnasia erritmikoko taldea, Ointxe saskibaloi klubeko Lehen Nazionaleko taldea eta jokalari gaztetxoak, eta Ivan Velasco txirrindulariari aipamen berezi bana eman diete udal ordezkariek.[ARGAZKIAK]

Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, talde edo omendu bakoitzari hitz batzuk eskaini dizkie Iratxe Aranburu kirol teknikariak, bakoitzaren irudi batzuekin, izan dituzten lorpenak azpimarratuz eta eskertuz. Inazio Azkarragaurizar alkateak izan dituzten emaitzak aipatu ditu eta Arrasateren izen ona handitzeko eta zabaltzeko egin duten lana eskertu die. Omenduek eurek ere hitz batzuk esan dituzte; eskerrak eman dituzte. "Edozein mailatan irabaztea oso zaila" dela gogorarazi du, adibidez, saskibaloiko entrenatzaile Josu Larreategik; Ivan Velascok azpimarratu nahi izan du "arrasatearra" dela eta Arrasaten bizi dela eta berarendako asko esan gura duela herriaren partetik esker ona jasotzea.

Taldeka argazkiak atera dituzte gero, eta azkenean, omendu eta udal ordezkari guztiek ere erretratua atera dute.

Ekitaldia aprobetxatuz, Ointxe klubak bazkide kanpaina hasi du, datorren urtean EBAn jokatzeko laguntza berezia behar baitute. Hasteko, alkatea ohorezko bazkide egin dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak