Lanbidez biologoa, nerabezaroan egin zuen euskararekin lehen harremana, hemengo musika entzuten eta abestien hitzak itzultzen hasita. Izan ere, "asko" gustatzen zaizkio hizkuntzak, "eta horregatik ez da hain zaila izan euskara ikastea". Gainera, Eskoriatzan "erraztasuna" izan du euskaraz komunikatzeko: "Fisikoki ez dirudienez kolonbiarra naizenik, euskaraz zuzendu ohi zait jendea, eta eskatu behar izan diet polikiago jarduteko". Ildo beretik, Arroyaberen ustez, Euskaraldia oso tresna aproposa da "ohiturak apurtzeko, euskararen erabilera bultzatzeko, pentsatu gabe ea parean duzunak ulertuko dizun edo ez". Esperientziatik dio hura ere askotan ez dela ausartu izan etorkinekin euskaraz hitz egitera, baina gaur egun gai dela "herrian urteak daramatzan batekin euskaraz berba egiteko".
Belarriprest-a izango da
Haren hirugarren parte-hartzean iritsi zaio ariketa sozialeko enbaxadore izateko gonbidapena, baita "pozarren" hartu ere. Hala ere, horrek ez du jokaera aldatzera eroango: "Belarriprest-a izango naiz berriz ere. Lanagatik hobeto datorkidan rola da, mugitzen naizen arloan ez delako erraza euskaraz egitea. Horregatik ez naiz ausartzen ahobizi-a izatera". Euskaraz ez dakienari zer esango liokeen galdetuta, "inoiz ez dela berandu" erantzun du.